Goiza lanean pasa dute piratek
Urtero legez, 17:00etan irtengo dira Donostiako Piratak hiria abordatzera. Arratsalderako dena prest izateko, ordea, goiza lanean igaro behar izan dute piratek. Hala, 8:00etatik 14:00ak bitartean baltsen muntaketa egiteko unea izan da, hainbat txandatan banaturik. Kaian aritu dira atzera eta aurrera piratak, egur, airez betetako zaku, soka eta bridekin txalupak osatzen. Ia goiz osoan euria egin duen arren, horrek ez du piraten irudimena zapuztu, eta kolore, forma, gustu, era eta tamaina guztietako baltsak osatu dituzte. Abordatzerako prest utzi dituzte tramankulu guztiak uretan, txukun-txukun; eta ondoren, pirata askok elkarrekin bazkaldu dute, Zuloaga plazan.

