Haurrek bizikleta gainean igota hartu dute Bulebarra
Haurrek bizikleta festa ospatu dute gaur arratsaldean.
Ez da lasterketa bat, ezta lehia ere. Bizikletaz gozatzeko ekitaldia da gaur arratsaldean egin dutena. Haurrak izan dira bizikleta festa honetako protagonistak, 6 eta 10 urteko haurrek parte hartu baitute proba honetan. Helburua? Ondo pasatzea eta bizikletaz gozatzea. Bulebarra hartu dute, eta txandatan atera dira, adinaren arabera sailkatuta.
Lehiatzea beharrezkoa ez bazen ere, haur asko profesionalak bailiran aritu dira, eta lehenak iristen saiatu dira. Pedalei gogor eman diete eta gustura ibili dira Bulebarreko errepidean. Donosti Berri Txirrindularitza Eskolako kideak aritu dira proban laguntzaile gisa. Batek daki… Haur hauek ere eskolako kide bihur daitezke etorkizunean!


