KaleFestarekin girotu dute hiria piratek
Donostiako Piratak jairako gogoz dabiltza, eta asteleheneko Abordatzea egun handiena izan bazuten ere, Aste Nagusirako beste hainbat jarduera antolatu dituzte. KaleFestaren txanda izan da gaur arratsaldean. Hala, kofradia bakoitzak bere piratak eta musika banda hartu, eta hiriko kaleak alaitu ditu. Leku desberdinetatik irten dira eta kofradia bakoitzak bere ibilbidea osatu du. Ondoren, 21:00ak inguruan, guztiek La Flamenkan bat egitea zuten helburu.
Kalepoza kofradiako kideak La Flamenkatik abiatu dira, Gasteizko Elektrotxarangarekin, eta Aingura kofradiako kideak ere batu zaizkie. Pirata Bihurriek, berriz, mosteoa egin dute, haurrekin ibili baitira. Hala, Kai ingurutik hasi eta Ander Edoren laguntzarekin ederki igaro dute kantuan eta dantzan. Eskifaiako kideek Altxorraren bila egin dute La Flamenka inguruan, eta ondoren, Parte Zaharrean barrena ibili dira bizikleta handi batean bozgorailu bat jarrita. Xibarokoei dagokienean, Buruntzantzan Urnietako Batukada Taldea izan dute bidelagun, eta Sardinerekin bat egin dute euren poteoan.