Sagardo azoka. (Argazkia: Gorenak)
Hirugarren urtez jarri dute Sagardo Azoka Katalunia plazan; Aste Nagusiak irauten duen bitartean 12:00etatik 16:00etara eta 19:00etatik 24:00etara egongo da zabalik.
Duela zortzi urte osatu zuten Gorenak ikurra Euskal Herriko hainbat sagardogilek. Egun 13 daude taldean: Alorrene, Altzueta, Egi-Luze, Gartziategi, Gaztañaga, Zapiain, Zelaia, Barkaiztegi, Begiristain, Gurutzeta, Isastegi, Olaizola eta Sarasola. Norberak bere izenarekin ekoiztu eta merkaturatzen duen arren, guztiek txapela bera daramate muturrean, hau da, kalitatea bermatzen duen ikurra. Eta Aste Nagusian ere guztiak elkartu dira Groseko Sagardo Azokan.
Peio Irizar, Martuteneko Barkaiztegi sagardotegiko arduradunaren arabera, kalitatea hobetzea da Gorenak izenaren helburu nagusia. Ikur hori daraman sagardoak bermatua du kalitate hori, hainbat azterketa gainditu behar izaten baititu. Baina orain, kalitate horren berri herritarrei ematea dute helburu.
Horretarako, eta sagardoaren kultura ezagutarazteko eta bultzatzeko antolatzen dute Sagardo Azoka. Hirugarren urtez jarri dute azoka Groseko Katalunia plazan, eta 13 etxeetako sagardogileak ere bertan egoten dira. “Gu hemen egonik, sagardo garaian bezero ditugun lagun asko hurbiltzen dira azokara Aste Nagusian, bestela etorriko ez liratekeenak; sagardotegietan egiten dugun bezala, azoka honetan sagardogileok geronek bezeroari zerbitzua eskaintzea oso garrantzitsua dela uste dugu. Hona datorrenak bertatik bertara ezagutu eta dastatu dezake gure lana”, dio Irizarrek.
Hala, Sagardo Azokara hurbiltzen denak jan eta edana bermatua dauka. Pintxoak edo menuak dituzte aukeran, eta edateko, kalitatezko sagardoa. Hortaz gain, egunero zuzeneko ikuskizunak eskaintzen dituzte azoka girotzeko.