Bizikleta eta festa batu dituzte piratek
Bizikleta gainera igo dira piratak. Izan ere, Aingura kofradiak BiziFesta antolatu du, bizikleta eta festa zaletasuna batuz. La Flamenkatik abiatu da BiziFesta, 19:00ak inguruan, eta hainbat kofradietako 100 pirata txirrindulari inguruk bat egin dute. Hala nola, Eskifaia, Sardiñerak, Filibusteroak eta Ubarroiak.
Antiguako Txantxarrekaraino joan dira, errepidez, sound systemek giroa alaitzen zuten bitartean. MMA taldeak kontzertua eman du Txantxarrekan, eta bertako produktu agroekologikoekin luntxa ere egin dute partaideek. Ondoren, Grosera abiatu dira, Kortxoenea Gaztetxera. Bertan, Zarauzko Perlak taldearen kontzertuaz gozatzeko asmoa zuten.