Zezenik gabeko entzierro txikia egin dute Pirata Bihurriek
http://youtu.be/Z8xnqEn2fvs
Goizean goizetik pirata txikiz bete da gaur La Flamenka gunea. Izan ere, guztiak elkarrekin bazkaltzeko eguna izan ohi da gaurkoa, baina horretarako aurretik prestatu egiten dira.
Pirata itxura egokia hartzeko jantziak eta osagarriak prestatu dituzte: zapiak, begia estaltzeko adabakia, atorra, puxikazko ezpata, eta zauri bat edo beste bekokian.
13:00ak aldera, piraten doinua entzuten hasi denean itxi dituzte prestaketa tailerrak eta buruhandiengandik ihesi ziztu bizian abiatu dira pirata txikiak euren gurasoekin Ikatz kalera. Bertan jaurti dute entzierro txikiari hasiera emango zion txupina, baina aurretik, ohikoa den moduan entzierroko abestia kantatu dute, piraten erara moldatuta, hori bai: Hemen gatoz piratak, entzierro txikira ondo pasatu eta bihurri izatera.
Zezenik gabeko entzierroa izan da gaurkoa, ordea, eta abere adardunen ordez, panpinezko animalia atseginagoak ibili dira haurrak zirikatzen. Oihu eta deiadar artean egin dute Kairainoko bidea, eta indar berritzeko, bazkaria. La Flamenka pirata txikientzako jantoki bilakatu da, eta gustura eseri dira guztiak elkarren ondoan makarroi goxoak jateko.
Arratsaldean, kantu jolasak eta kermes jolas erraldoia izango dituzte. Eta 17:30ean, Abordatze Txikia!
[Gallery=186]