'Narrow Hill' zaldiak irabazi du Urrezko Kopa
Montenegro jockey-aren gidaritzapean, bost zenbakidun zaldiak irabazi du lasterketa nagusia: Urrezko Kopa eta 40.000 euroko saria.
Hasierako euri zaparradak ez ditu ikusleak beldurtu eta aurten ere jendetza bildu da Zubietako hipodromoan. Sei zaldi lasterketa jokatu dituzte, baina hirugarrenak piztu du ikusmin handiena, Urrezko Kopak, alegia.
Iazko irabazlea, Abdel zaldia faboritoen artean izan da gaurkoan ere, eta ikusleek txalo zaparrada batekin egin diote harrera belar gainera irten denean. Izan ere, udaberrian bihotzekoa izan zuen zaldiak eta hilzorian egon zen. Baina sasoiko dagoela erakutsi du, sari nagusia eskuratzeko lehia bizian ibili baita; bigarren postua lortu du azkenean.
Narrow Hill zaldia, bost zenbakiduna izan da gaurko garailea. Bera zen beste faborito nagusia, eta hala erakutsi du. Azken luzean gogor lehiatu dira bi zaldiak eta baita jockey-ak ere. Txalo eta oihuak izan dira nagusi ikusleen artean, azken metroak tentsio handikoak izan baitira. Baina azkenean, Montenegrok gidatutako zaldiak irabazi du.
Urrezko kopa
Zazpi izan dira Urrezko Kopa lasterketan lehiatu diren zaldiak, zortzi zenbakidun zaldia (Zamaam) ez baita atera. 2.400 metroko ibilbidea egin dute, sei probetan luzeena.
Baina ahaleginak izan du saria, eta esan bezala, Urrezko Kopa eta 40.000 euro Narrow Hill zaldiaren jabearentzat izan dira, Simon Springer. Juan Karlos Izagirre Donostiako alkateak eman dio garaikurra, eta ondoan izan ditu jockey-a bera eta Zubietako Hipodromoko arduradunak ere.
[Gallery=189]