Pyrovisionek eraman du Urrezko Maskorra
Austriako su etxeak irabazi du Donostiako Su Artifizialen 51. Nazioarteko Lehiaketa; epaimahaiaren ustez, “musikarik gabeko abesti moduko bat” eskaini zuelako.
Badu irabazlea Aste Nagusiko Su Artifizialen 51. Nazioarteko Lehiaketak. Nerea Txapartegi udaleko Kultur ordezkariak gaur eguerdian jakinarazi du, epaimahaiak aho batez erabakita, Austriako Pyrovision su etxea izan dela garailea, eta ondorioz, Urrezko Maskorraren jabe egin dena. “Ikuskizun zoragarria izan da, hasieratik bukaerara. Musikarik gabeko abesti moduko bat, etenik gabekoa. Nortasun handikoa, koloretsua, teknologiaren erabilera bikaina egin duena, eta benetan gure begietan iltzatuta geratuko diren hainbat irudi eskaini dizkigute; horietako bat, ur jauzi iraunkorra izan zen”, aipatu du Txapartegik.
Epaimahai gazteak ematen duen Gazteen Euskaltel Saria ere asteartean eskainitako su ikuskizunarentzat izan da. “Hasieratik nahiko argi eduki dugun erabakia izan da. Erabili duten kolorearengatik eta konstantziagatik, batez ere. Baita altuerekin jokatzeagatik ere”, aipatu du gazte epaimahaiko kide Ernesto Limousinek.
Pirofantasia valentziarrak, iazko irabazleak, Zilarrezko Maskorra eskuratu du aurten, eta Madrilgo Vulcano etxearentzat izan da Brontzezko Maskorra. “Suak ulertzeko eta erakusteko modu berri batean egon gaitezke”, aipatu du Txapartegik aurtengo lehiaketaren baitan.