Iñaki Salaberria eta Irati Mendia izan dira igerilari azkarrenak
Irlako XVII. Igeriketa Zeharkaldia jokatu dute 500 igerilari baino gehiagok, Donostiako Atletikoren eskutik.
Irlako XVII. Igeriketa Zeharkaldia jokatu zuten atzo goizean, urtero legez, 500 igerilari baino gehiagok. Gipuzkoako Distantzia Luzeko XIV. Ligaren barnean kokatzen da proba, eta Donostiako Atletikok antolatzen du, Gipuzkoako Igeriketa Federazioarekin batera. Helduen mailan, Iñaki Salaberria irundarra (39 minutu 25 segundo) eta Irati Mendia antiguatarra (43 minutu 2 segundo) izan ziren 3.000 metroak egiten azkarrenak. Santa Clara irla inguratu behar izaten duten partaideek, eta atzekaldean beti ere ezustekoren bat egoten dela diote. Gizonezkoetan, Jaime Caballero donostiarra izan zen bigarrena (39:44) eta Luis Goñi hernaniarra hirugarrena (39:50). Emakumezkoetan, Mendiak iazko lehen postua errepikatu zuen; Ana Vega izan zen bigarrena (45:18) eta Amaia Zendoia hirugarrena (45:59).
Haurretan berriz, Amaia Iriarte izan zen 800 metroak egiten azkarrena, 11 minutu eta 21 segundoko denborarekin; bere atzetik geratu zen Nikolas Illarramendi, bi segundora.