Langabe donostiarrek euskara doan ikasi ahal izango dute urritik aurrera
Izen emate epea irailaren 3tik 19ra egongo da zabalik euskaltegi homologatuetan.
Bigarren urtez jarraian Donostiako Udalak diru laguntzak emango dizkie euskaltegiei langabe donostiarrek euskara doan ikas dezaten. Nerea Txapartegi udal gobernuko euskara arduradunaren esanetan, programa honek bi helburu uztartzen ditu: batetik, euskalduntzea indartzea, eta bestetik, langabezian daudenei euskara ikasteko aukera erraztea. “Iaz jarri genuen abian proiektu hau, eta harrera oso ona izan du, beraz, aurten ere euskara sustatzeko garaian konpromiso sozial honi eustea beharrezkotzat jo dugu, gure lehentasunen artean euskararen ezagutza eta erabilera indartzea dagoela ahaztu gabe. Langabetuek, euskara ikasten badute, etorkizunean lanerako aukera gehiago izatea espero dugu”, esan du Txapartegik.
Ikastaroak urriaren 13an hasi eta abenduaren 5ean bukatuko dira eta parte hartzea derrigorrezkoa izango da. Nahikoa izango da 18 urtetik gorakoa izatea, donostiarra izatea, eta langabea izatea.
Euskara mailaren arabera, hamar talde osatzea aurreikusi dute, eta talde bakoitzean bederatzi eta hamabost ikasle artean hartuko dituzte. Hortaz, guztira 100 eta 120 langabe artean eskolatzeko aukera eskainiko dute.
Ikastaroek 120 ordu izango dituzte, egunero hiru ordu emango dituztelarik; astelehenetik ostiralera, 10:30etik 13:45era.
Diru laguntzak
Langabeen diru laguntzez gain, donostiarrei edo hirian lan egiten duten herritarrei euskara ikasteko diru laguntzak emango dizkie beste behin Donostiako Udalak 2014-2015 ikasturtean. Tokiko Udal Gobernu Batzordeak 225.848,75 euroko diru partida bat onartu du horretarako. Diru laguntza hauek neguko zein udako ikastaroetan, barnetegietan eta autoikaskuntza ikastaroetan parte hartzen duten herritarrak laguntzeko izango dira.
Bestalde, aurtengo lehen seihilekoan xede bereziko hamabost talde aritu dira euskara ikasten: merkatari eta ostalariak, 2-7 urteko haurrak dituzten gurasoak, kirol monitoreak, etorkinak… Udalak 10.950 euro bideratu ditu ikastaro hauek diruz laguntzeko.

