Moda desfile bat prestatu dute Mugikortasun Asterako
Bizikleta eta moda gustuko dutenek desfile berezi batean parte hartzeko aukera izango dute hilaren 20an. Europako Mugikortasunaren Astea dela eta, Urban Cycle Fashion moda desfilea antolatu du Donostiako Udalaren Mugikortasun Sailak. Desfilea modelo erakustaldi bat izango da. Parte hartzaile bakoitzak bizikleta bat eramango du, eta dagokion janzkera izango du.
Desfilea 19:00etatik 20:00etara egingo dute Donostia 2016ko gunean (Easo kaleko 43. zenbakian). Izena emateko epea irailaren 14an bukatuko da, eta izena eman nahi dutenek mezu elektronikoa bidali behar dute movilidad@donostia.org helbidera, beren datuekin (izen-abizenak, telefonoa). Bi look onenek saria izango dute: bina sarrera La Perlako Sasoian Jartzeko igerileku zirkuiturako, bina ordukoak.

