Ulia, Goizueta eta Artikutzara irteerak
Cristina Enea Fundazioak 3 irteera antolatu ditu datozen asteetan. Urtero Artikutzara egiten den txangoaz gain, aurten Uliako Mendiola gunera eta Goizuetara izango diren irteerak ere izango dira. Lehena, irailaren 6an, larunbata, Mendiolara izango da. Ulia mendia bere osotasunean ulertzeko, Mendiola aldera joango dira bertako historiaren aztarna, gotorleku eta bitxikeriak Altzako Historia Mintegiko lagunen eskutik ezagutzeko. 10:00etan elkartuko dira interesdunak Mirakruz gainean, Arzak jatetxearen ondoan. Handik Ulia Interpretazio Zentrora joko dute, eta bertan hitzaldi labur bat eskainiko du Mikel Ubillosek, Altzako Historia Mintegiko kideak, 11:00etan.
Ondoren, zailtasunik ez duen ibilaldia egingo dute Uliatik barrena, bertako aztarna historikoak bisitatuz, Mendiolako inguruak hobeto ezagutzeko. Irteera doakoa da eta ez da aldez aurretik izena eman behar, aipaturiko egun, ordu eta lekuan azaldu besterik ez da egin behar.
Bigarren irteera astebete geroago izango da, irailaren 13an, larunbata baita ere: Artikutzara. Udaleko jabego pribatua, Penintsula osoko eskualde euritsuenetarikoa eta Euskal Herriko lur eremu zaharrenetarikoa da. Kokapenari dagokion berezitasun hauek eta gizakiak historiaurretik gaurdaino eragindako orbanak dira, Artikutzako paraje naturalaren egungo xarmaren gakoa.
Donostiatik autobusean joango dira Artikutzara eta han gida baten laguntzarekin txangoa egingo dute, bertako txoko berezi eta xarmangarrienak ezagutzeko. Autobusa 09:00etan irtengo da Donostiako Pio XII plazatik eta 14:00ak aldera itzuliko da. Eguraldiaren araberako arropa eta oinetako egokiak eramatea komeni da, baita hamaiketako arin bat eta ura ere. Irteerak 10 euro balio du eta aldez aurretik izena eman beharra dago (943 45 35 26/ cristinaenea@donostia.org).
Goizueta, urriak 4
Programaturiko hirugarren irteera Goizuetara izango da, Cristina Eneako Ingurumen Baliabideen Etxean dagoen Zenbat lur behar du gizon batek? erakusketaren testuinguruan. Erakusketaren oinarrian historiako mugimendu komunalak eta komunen fenomenoa dago, gizakiak lurrarekin duen harremanean sakonduz eta hausnartuz. Urriaren 4an Lidia Montesinos La confrontación de los comunales tesiaren egilearen eskutik izango da egun pasa. Irteera autobusean izango da, doakoa, baina aldez aurretik izena eman beharra dago (943 45 35 26/cristinaenea@donostia.org).