Benicio del Torok Donostia Saria jasoko du
Perlak sailari amaiera emango dio aktoreak, Paradise Lost filmarekin.
62. Zinemaldiari hasiera emateko hogei egun baino gutxiago falta diren honetan, bigarren Donostia Saria Benicio del Torok jasoko duela jakinazari du jaialdiak. Aktorearen Escobar: Paradise Lost filmak Perlak sariari amaiera emango dio, eta bere ibilbide osoaren aitormenezko saria jasoko du. Berarekin batera, Andrea di Stefano, pelikularen egilea, eta Josh Hutcherson eta Carlos Bardem aktoreak ere egongo dira.
Ibilbide oparoa
Benicio del Torok kritikarien laudorioak eta hainbat sari lortu ditu bere ibilbidean. Ameriketako Estatu Batuetako Zinema Akademiak aktore onenaren Oscar saria eman zion, Steven Soderberghen Traffic pelikulagatik eta Alejandro González Iñarrituren 21 Grams (21 gramo) filmean egindako lanagatik Oscar sarietarako izendatu zuen. Aurrerago, Soderberghekin berriro lan egin zuen, Che Guevarari buruzko Che film biografikoko protagonista gisa. Bere interpretazioagatik 2008ko Cannesko zinema jaialdiaren bukaerako ekitaldian gizonezko aktore onenaren Urrezko Palmorria jaso zuen, eta hurrengo urtean, gizonezko aktore onenaren Goya saria.
Bere lehenengo pelikula John Glenen License to Kill izan zen (Timothy Dalton aktoreak bete zuen James Bonden rola), eta orduz geroztik bere antzezpen lana kritikarien artean txalotua izan da. Steven Soderberghen Traffic pelikulagatik aktore onenaren Oscar saria lortzeaz gain, Urrezko Globoa, Zinemako Aktoreen Sindikatuaren Saria, BAFTA saria eta Berlingo nazioarteko zinema jaialdiko Zilarrezko Hartza irabazi zituen Traffic filmagatik. Halaber, New Yorkeko Zinema Kritikarien Taldearen, Zinema Kritikarien Elkarte Nazionalaren eta Chicagoko Zinema Kritikarien Elkartearen aipamenak jaso zituen. Bestalde, 21 Grams pelikulan egindako lanarekin 2003ko Veneziako nazioarteko zinema-jaialdian gizonezko aktore onenaren Ikusleen Saria irabazi zuen. Bryan Singerren The Usual Suspects filmeko Fred Fenster pertsonaiaren antzezpenagatik eta Julian Schnabelen Basquiat filmeko Benny Dalmau pertsonaiaren antzezpenagatik Independent Spirit sari bana irabazi zituen.
Del Toro Puerto Ricon jaio, eta Pennsylvanian hazi zen. Kaliforniako Unibertsitatera joan zen (San Diego), eta han, ikasleek sortutako lan askotan aritu zen. Horietako bati esker, New Yorkeko Lafayette antzokiko antzerki-jaialdi batean parte hartu zuen. Stella Adler kontserbatorioan ikasi zuen, Arthur Mendoza tutore zuela.


