Kaikuko entrenatzaile Jose Luis Korta, estropada hasi aurretik. (Argazkia: Estitxu Zabala)
Atzerapenarekin hasi da Kontxarako sailkatze estropada, baina, minutuak gora, minutuak behera, urteroko ikusmin bera piztu du. Olatu txikiak baina biziak izan dira, eta horrek zalantzak sortu ditu hasi aurretik, ezusteren bat gertatuko ote den beldurrarekin uretaratu ohi direlako urtero faboritoak. Azkenean, traineru handiek ez dute hutsik egin: Kaikuk (19:38), Bermeo-Urdaibaik (19:40), Hondarribiak (19:47) eta Oriok (19:49) sailkatzea lortu dute. Zalantzan zeuden hiru postuak Cabo da Cruzek (19:52), Portugaletek (19:55) eta San Juanek (19:56) eskuratu dituzte. Zortzigarren postuan, inork ez nahi duen tokian, Tiranek amaitu du (20:08).
Faboritoen artean ez da alde handiegirik egon, baina indartsuenak zeintzuk diren ikusi ahal izan da. Kaikuk eraman du estropada, oso indartsu aritu eta gero. Bermeo-Urdaibaik, bere aldetik, bigarren luze bikaina egin du. Ziabogan, laugarren denbora onena egin du, baina, etorreran egindako lanari esker, ia azkarrena izatea lortu du.
Ehunenekoen aldea
Emakumeen estropadan, San Juanek irabazi ez izana izan da ezustea, denboraldian zehar nagusitasun handia erakutsi duelako. Meirari 10 segundoko zigorra ezarri diote irteeran, estatxa behar baino lehenago uzteagatik; galiziarrek akats larri hori egin ezean, sanjuandarrak barruan lirateke berdin berdin, baina ehuneko gutxiengatik. Estuegi, faborito nagusiak direla kontutan hartuta.
Sailkatze estropada Hibaikak eskuratu du (11:02:10), Zumaiaren aurretik (11:02:36), ehuneneko gutxiren aldearekin hemen ere. Hirugarren sailkatua Orio izan da (11:07:42). Eguneko ezuste atsegina izan da, emakumeei dagokienez. Laugarren postua San Juanentzat izan da (11:07:46), ia Orioren denbora berdinarekin, baina atzetik. 10 segundoren zigorra jaso ostean, Meira Kontxatik kanpo geratzen lehena izan da (11:18). Cabo da Cruz, Getaria-Zarautz eta Santoña, berriz, lekutan geratu dira.