Tabakaleran sortuko den plaza berriari Nestor Basterretxea izena jarriko diote
Tokiko Gobernu Batzordeak bihar onartuko du erabakia, eta irailaren 25ean Udalbatzak berretsi beharko du.
Udal gobernuaren arabera, Tabakalera da Nestor Basterretxea gogoratzeko lekurik aproposena, eta horregatik eraikinaren inguruan sortuko den plaza berriari eskultorearen izena jartzea erabaki dute.
Gainera, Tabakalera kulturen abangoardiak eta sormen prozesuak biltzeko helburuz sortua dela dio udal gobernuak; diziplina desberdinetan ematen diren sormen prozesuei balore berezia eman nahi die, baita prozesu horietan artisten artean eman daitekeen elkarlana eta sor daitezkeen sinergiei ere.
Era berean, Nestor Basterretxea euskal kulturaren abangoardiaren parte garrantzitsua izan dela uste dute; euskal arte eta kulturaren erreferente. Donostian badira Basterretxearen hainbat lan: Iztueta koreografoari omenaldia, Bakearen usoa, Pio Barojari Monumentua eta Gernikako Arbola. Tabakalerako plaza berriari eskultorearen izena jartzea bere ekarpena eskertzeko modu egokia dela uste du udal gobernuak, eta proposamenak gainerako taldeen onarpena izatea espero dute.

