Zinemaldiaren aurkezpen prentsaurrekoa egin dute gaur goizean, Maria Kristina hotelean. Egitaraua aurkezteaz gain, jaialdian izango diren beste izar batzuk baieztatu dituzte.

‘The other man’ filmarekin etorri zen Antonio Banderas Zinemaldira 2008an; irudian Banderas ezkerrean, Richard Eyrerekin batera. (Argazkia: Nerea Lizarralde)
Denzel Washington eta Benicio del Toro aktoreez gain, zinemako beste artista batzuen bisita baieztatu dute 62. Zinemaldirako, gaur goizean egin dute aurkezpen prentsaurrekoan. Hala, irailaren 19tik 27ra iraungo duen jaialdian, Antonio Banderas, John Malkovich, Pedro Almodovar, Viggo Mortensen, Charlotte Gainsbourg, Jessica Chastain, Josh Hutcherson, Omar Sy, Ricardo Darín, Nikolaj Coster-Waldau eta Leonardo Sbaraglia hirian izango dira, egunen batean. Jose Luis Rebordinos Zinemaldiaren zuzendariak, eta Maialen Beloki eta Joxean Fernandez zuzendaritza batzordeko kideek egitarauaren berri eman dute, Maria Kristina hotelean, eta aurrikusitako jarduerak eta epaimahaikide batzuen izenak ere aurreratu dituzte. Azaldu dutenez, epaimahai ofizialaren osaketa laster jakinaraziko dute.
Dagoeneko jakinarazi zuten moduan, Denzel Washington aktoreak Donostia saria jasoko du, eta Antoine Fuqua zuzendariarekin batera eman dio hasiera Zinemaldiari, irailaren 19an,
The Equalizer filmarekin. Irailaren 27ko amaierako ekitaldiko gonbidatuak, berriz, Charlotte Gainsbourg eta Omar Sy aktoreak zein Olivier Nakache eta Eric Toledano zuzendariak izango dira,
Samba filmarekin.
Sail Ofizialari dagokionean, puntako aktoreek eta zuzendariek aurkeztuko dituzte euren lanak:
- Susanne Bier, Nikolaj Coster-Waldau eta Ulrich Thomsen (En chance til / Second Chance).
- John Malkovich, Veronika Ferres aktoreak eta Michael Sturminger zuzendaria (Casanova Variations).
- Antonio Banderas eta Gabe Ibañez (Automata).
- Alberto Rodriguez, Raul Arevalo, Javier Gutierrez eta Antonio de la Torre (La isla minima).
- François Ozon eta Romain Duris (Une nouvelle amie / The New Girlfriend).
- Cedric Kahn (Vie sauvage / Wild Life).
- Isaki Lacuesta zuzendaria eta Imanol Arias, Jose Coronado, Albert Pla, Emma Suarezeta Carmen Machi aktoreak (Murieron por encima de sus posibilidades).
- Carlos Vermut zuzendaria eta Jose Sacristan, Barbara Lennie zein Luis Bermejo aktoreak (Magical Girl).
- Noomi Rapace, Matthias Schoenaerts aktoreak eta Michael R. Roskam zuzendaria (The Drop).
- Anahi Berneri zinemagilea eta Leonardo Sbaraglia aktorea (Aire libre).
- Bille August eta Paprika Steen (Stille Hjerte / Silent Heart).
- Pablo Malo zuzendaria Unax Ugalde, Jon Anza eta Francesc Orella aktoreekin (Lasa eta Zabala)
- Christian Petzold zuzendaria (Phoenix).
- Danis Tanovic zuzendaria (Tigers).
Perlak sailean, honakoak nabarmendu dituzte:
- Jessica Chastain aktoreak The Disappearance of Eleanor Rigby filma aurkeztuko du.
- Relatos salvajes filmarekin, bestalde, Pedro Almodovar (ekoizlea), Damian Szifron (zuzendaria) eta Ricardo Darin (protagonista) izango dira.
- Willem Dafoe aktoreak ere aurkeztuko du protagonista duen filma; Abel Ferrararen Pasolini.
- Laurent Cantet zuzendariak eta Jorge Perugorria aktoreak ere (Retour a Ithaque / Return to Ithaca).
- Benicio del Toro Donostia saridunak emango dio amaiera sailari, irailaren 26an, Josh Hutcherson, Claudia Traisac eta Carlos Bardem aktoreekin zein Andrea di Stefano zuzendariarekin batera, klausurako Escobar: Paradise Lost filma aurkeztuz.
Horizontes Latinos sailean, Viggo Mortensenek
Jauja filma aurkeztuko du Lisandro Alonso zuzendariarekin batera. P’tit Quinquin telesailaren Espainiako premierean, halaber, bere zuzendari Bruno Dumontek hartuko du parte Zabaltegi sailaren barruan. Sail horretan estreinatuko da
Negociador (
Negoziatzaile) filma ere; Borja Kobeaga zuzendari donostiarrak zein Ramon Barea, Josean Bengoetxea eta Carlos Areces protagonistek aurkeztuko dute irailaren 22ko Zinemira galan. Hainbat gonbidatu izango ditu ere Culinary Zinema sailak: Lasse Hallstrom (
The Hundred-Foot Journey) edota Wayne Wang (
Soul of a Banquet) zuzendariak.
Concha Velasco ere izango da Zinemaldian, Pedro Olea zinemagileari Zinemira Saria emateko. Maribel Verdu aktoreak eta Paco Plaza zuzendariak
Ultravioleta film laburra ekarriko dute. Halaber, Gas Natural Fenosaren Cinergia proiektuaren barruan egin dute film laburretako bat ere aurkeztuko dute Donostian.