Bera Bera Eskubaloiak Superkopa irabazi du, laugarren aldiz
Rocasaren aurka 23-20 gailendu da Aitor Etxabururen taldea, Guadalajaran jokatutako partidan.
Helburua lortuta. Denboraldiko lehen titulua eskuratu du Bera Bera Eskubaloiak, XV. Superkopa. Guadalajaran lehiatu da Aitor Etxaburuk zuzentzen duen taldea, Rocasaren aurka, eta 23-20 irabazi du. Hala, Mar Valenciarekin batera, titulu hori lau aldiz eskuratu duen taldea bihurtu da Donostiakoa.
Partida orekatua eta berdindua izan da goizean jokatutakoa, eta atsedenaldia 10-9ko markagailuarekin iritsi da. Ondoren, ia denbora guztian Bera Bera aurretik mantendu den arren, tentsioa nabaria izan da azken unera arte. Azkenean, Superkopa Donostiara etorriko da. Gainera, Matxalen Ziarsolo Bera Berako kapitainak Superkopako goleatzaile onenaren saria jaso du.
Kontuak horrela, ezinhobeto estreinatu da Aitor Etxaburu Bera Berako entrenatzaile postuan. Izan ere, lehen denboraldia beteko du Etxaburuk taldean, eta gaurkoa zuen lehen lehia ofiziala. Aurreko bi denboraldiak izan dira zalantzarik gabe Bera Berak bere historian egindako onenak; Ohorezko Mailako Liga, Kopa eta Superkopa irabazi baititu, Euskal Koparekin batera. 2014-2015 denboraldia hasita, lehen erronka gainditu du, Superkopa. Orain, Ligari begira jarriko da taldea, datorren asteburuan ekingo baitio, etxean, Granollersen aurka.


