Pablo Berastegi izango da Donostia 2016ko zuzendari orokorra
Datorren asteartean egingo dute aurkezpen ofiziala, Donostia 2016 Gunean.
Donostia 2016ko Patronatuak lortu du akordioa, eta Pablo Berastegi (Iruña, 1968) izango dela Donostia 2016 Fundazioaren zuzendari orokor berria. Arduradun guztiek ahobatez hartu zuten erabakia, atzo arratsaldean egin zuten bileran. Datorren asteartean egingo dute zuzendari orokorraren aurkezpena Donostia 2016 Gunean.
Patronatuak 42 hautagaien artean aukeratu du Berastegi, honako arrazoiengatik: “Proiektuarekiko, hiriarekiko eta lurraldearekiko bere sentsibilitate eta enpatia handia”. Horrez gain, bere zuzendaritza eta komunikazio-trebetasunak ere baloratu dituzte; baita Europako kultur hiriburutzei buruz duen ezagutza eta DSS2016rako bere ikuspegi argia ere. “Konpromisoa azaltzen du proiektuaren balioekiko, hau da, kultura, partaidetza, bakea eta elkarbizitzarekiko”, dio patronatuak bidalitako oharrak. Gainera, Berastegik kultur eta sormen-esparruetan egin duen ibilbide profesionala, baita nazioartean izandakoa ere erabakigarria izan dela diote arduradunek.


