Berion 96 etxebizitza egingo dituzte
Etxebizitza berrietatik 48 alokairurako babes ofizialekoak izango dira, eta beste 48 etxebizitza, tasatuak; 2016rako guztiak amaitzea espero dute.
Donostiako Udalak Berion 96 etxebizitza eraikitzeko 4.055.000 euroko finantziazioa eskuratu du. Etxegintzaren Administrazio Kontseiluan hartu dute erabakia, aho batez. Horrela, duela urte batzuk etenda geratu zen hirigintza egitasmoa abian jarri dute.
Donostiako Udala, Etxegi XII sozietatea eta Goyeneche Fundazioak aurten sinatutako akordioaren arabera, Amenabar eraikuntza enpresak, 96 etxebizitzetatik 48 salduko dizkio Etxebizitzaren udal erakundeari, 5.660.000 eurotan. Etxebizitza horiek alokairurako babes ofizialeko etxebizitzak izango dira, gutxienez 50 urtez.
Ricardo Burutaran, Hirigintza zinegotziak egitasmoaren garrantzia azpimarratu du, eta etorkizunean maizterrek errentaren araberako alokairua ordaindu beharko dutela gogorarazi du.
Udalbatzak onartu zuen Plan Orokorrarekin, akordioaren berrespenarekin eta orain kreditua eskatzeko emandako pausoarekin, lizentziak tramitazio prozesuan daude. Etxebizitzak eraiki eta ingurua urbanizatzeko bi urteko epea emango dute gehienez, beraz, 2016rako Berioko 96 etxebizitza berriak amaituta egotea espero dute.

