Euskara ikasteko kanpaina berria aurkeztu dute
Euskaltegietan izena emateko matrikulazio epea iraila osoan zehar egongo da zabalik.
Euskarari eutsi eta arraun! lelopean, Donostiako Udalak, hiriko euskaltegi eta zentro homologatuekin batera, herritarrek euskaltegietan izena eman eta euskara ikas dezaten, kanpaina bat jarri du abian. Hiriko autobusak izango dira publizitate kanpaina egiteko euskarri nagusia, baina 10.000 eskuorri ere banatuko dituzte. Matrikulazio epea jada zabalik dago, eta euskara ikasi nahi duen orok iraila osoan zehar izena emateko aukera izango du.
“Estropadetan bete-betean sartuta gaudela baliatuta, ‘Euskarari eutsi eta arraun’ leloa aukeratu dugu. Traineruak arraunlariak behar ditu aurrera egiteko, eta euskarak ere guztiok behar gaitu aurrera egiteko”, azaldu du Euskara eta Kultura arduradun Nerea Txapartegik, gaur goizean Nautikoko terrazan egin duten aurkezpenean. Donostiarrako arraunlariak ere bertan izan dira, kanpainarako egin duten bideoan eta argazkian parte hartu baitute. “Igandean jokatuko da Kontxako bandera; eta Kontxa, estropadetako olinpiada da. Donostia, berriz, euskararen hiria. Hortaz, donostiar guztiei dei egiten diegu euskara ikasteko eta euskararen hiria egiteko”, erantsi du Txapartegik.
Moraysys Silva da euskara ikasteko aukera galdu ez duen horietako bat, eta bere esperientzia kontatu die aurkezpenean izan diren komunikabideei. “Hiru urte daramatzat euskara ikasten, eta niretzat oso garrantzitsua da euskaraz hitz egitea. Hona iritsi nintzenean zaila izan zen, baina segituan euskaltegi batean izena eman nuen. Nahiz eta oso ongi ez hitz egin, garrantzitsua iruditzen zait hizkuntzaren gutxieneko ezagutza izatea. Mundua desberdin ikusten duzu, gizartean sartuta zaudela sentitzen duzu. Azken batean, hemen bizi bazara, besteek egiten dutena egin behar duzu. Horregatik, denok euskara ikastera animatzen zaituztet”.
Eskaintza zabala
Donostiako euskaltegien izenean Eli Altunak hitz egin du, eta hirian euskaltegi sare zabala dagoela esan du (AEK, Bai&By, Hitzez, Ilazki, Legazpi6, Mondragon Lingua, Urrats eta Urumea). “Edozeinek gertu aurkituko du bere beharretara egokitutako eskaintza, izan aurrez aurre edo internet bidez, modu trinkoago edo arinagoan”.
Ohiko aurrez aurreko ikastaroetan astean lau, sei, zortzi edota hamar orduko eskola jaso daitezke. Hala ere, euskara azkarrago ikasi nahi dutenek astean hogei edota hogeita bost orduko ikastaroak ere badaude. Euskaltegira joateko zailtasunak dituztenek, berriz, internet bidezko Autoikaskuntza izeneko ikastaroak dituzte aukeran. Xede bereziko taldeentzako ikastaroak ere eskainiko dituzte aurten: guraso, etorkin, merkatari, ostalari eta enpresako langileei zuzenduak.
Diru laguntzak
Euskara Zerbitzuak euskara ikasteko diru laguntzak emango ditu aurten. Guztira, 225.000 euro bideratuko dituzte, eta laguntza eskatu nahi duenak Euskara Zerbitzuan (Konstituzio plaza 2) eta Udal Infoko bulegoetan (udaletxean, Morlansen eta Altzan) egin dezake, irailaren 15etik azaroaren 7ra bitarte. Ziurtagiri elektronikoa duten herritarrek diru laguntza www.donostia.org eta www.euskaraz.net webguneetan eskatu dezakete.
Diru laguntzak eskatzeko baldintzak honakoak izango dira: 16 urtetik gorakoa izatea; eta, Donostian erroldatua egotea edo egoitza soziala Donostian duen enpresa batean lan egitea. Bestalde, diru laguntzak jasotzeko, euskaltegi batean matrikulatu beharra dago; eskabidea behar bezala bete, eta derrigorrezko dokumentazioa epean aurkeztea; eta, ikasturte amaiaera, gutxienez urrats bat gainditu eta %85eko asistentzia egiaztatzea.
3,200 ikasletik gora
Bestalde, Eli Altunak nabarmendu du 2013-2014ko neguko ikasturtean 3.200 ikasletik gora aritu zirela euskara ikasten. Horietako 2.082 lagun euskaltegian bertan jaso zituzten; 719 pertsonek internet bidezko autoikaskuntza ikastaroak egin zituzten; eta 406 ikaslek xede bereziko taldeetan ibili ziren.
Horretaz gain, euskaltegietatik kanpo ere ikasle askok euskara praktikatzeko parada izan zuten. Adibidez, Bagera Elkarteak antolatutako Mintzalaguna proiektuan 244 lagunek parte hartu zuten, eta Euskara Zerbitzuak, Bagerak eta Donostiako euskaltegiek antolatzen duten Mintzodromoetan 364 pertsona aritu ziren.


