'Lasa eta Zabala' filmaren trailerra ikusgai dago
http://vimeo.com/105352975
Zinemaldiaren Sail Ofizialean, lehiaketatik kanpo, aurkeztuko dute Pablo Maloren lana.
Joxi Lasa eta Joxean Zabala GALek 1983an bahitu, torturatu, hil eta desagerrarazitako gazteen kasua du kontagai Pablo Malo donostiarraren lan berriak. Filmean, Iñigo eta Fede abokatuak hildakoak identifikatzeko lanean ahalegintzen dira, beren sinesmenak eta are beren biziak ere arriskuan jarriz horretarako. Cristian Merchanek jokatu du Joxi Zabalaren rola eta Jon Anzak Joxean Lasarena; Iñigo abokatuarena, berriz, Unax Ugaldek. Oriol Vila, Francesc Orella, Aitor Mazo, Pep Tosar eta Ricard Sales aktoreek ere parte hartu dute. Filmaketa lanak Baionan hasi ziren, aurtengo otsailean, eta gero Gipuzkoan jarraitu zituzten; Tolosan, Donostian eta Zumarragan, besteak beste.
‘Loreak’
Jon Garaño eta Jose Mari Goenaga donostiarren Loreak filma ere Sail Ofizialean izango da. Hiru emakume ditu pertsonaia nagusi modura, eta haietako bakoitzak lore sorta batekin zerikusia duen istorio bat du. Nagore Aranburu, Itziar Aizpuru, Itziar Ituño, Joxean Bengoetxea, Jox Berasategi, Mikel Laskurain, Joxe Ramon Soroiz eta Ane Gabarain daude aktoreen artean. Sei astez filmatu zuten Garañok eta Goenagak Loreak, iaz, Gipuzkoan (Oiartzun, Donostia, Zarautz, Zumarraga, Idiazabal eta Irun), Nafarroan (Bera) eta Bizkaian (Leioa).

