Pablo Berastegi: "Dakidan guztia Donostia 2016ri eskaintzeko prest nator"
Gaur aurkeztu dute Pablo Berastegi, Donostia 2016 egitasmoaren zuzendari orokor berria jendaurrean. 2016 Gunean bertan egin dute aurkezpena, eta Berastegik alboan izan ditu Patronatuko ordezkariak: Cristina Uriarte, Eusko Jaurlaritzako Kultura sailburua, Ikerne Badiola, Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura diputatua, eta Juan Karlos Izagirre, Donostiako alkatea. Urrutira gabe, han izan dira kultur hiriburutzan lanean diharduten hainbat pertsona ere, behin behineko zuzendaritzako kideak, esaterako.
Gosari bat eskaini dute Pablo Berastegi aurkezteko, baina izendapen berriak ikusmin handia piztu du, eta zuzendari orokorrak kazetarien jakin-minari erantzun behar izan dio lehenik.
Donostia 2016ko Patronatuak ostiralean izendatu zuen Berastegi ahobatez, eta bera gustura agertu da erabakiarekin. Kultura sustatzaile gisa eskarmentu handiko gizona da Berastegi, eta lanean hasteko gogotsu dagoela adierazi du: “Dakidan guztia Donostia 2016ri eskaintzeko prest nator; ilusioa eta nire eskarmentu osoa eskainiko ditut”.
Urrian hasiko da lanean Pablo Berastegi, egungo lan kontuak konpontzen dituenean. Dena dela, kultur hiriburutza garatzeko “ematen duena baino askoz ere lan handiagoa” egin dutela adierazi du zuzendari berriak, eta egungo lan taldea goraipatu du.
Proiektuaren xehetasun guztiak ez dituela ezagutzen aitortu du Berastegik, baina Donostia 2016 proiektu sendoa dela adierazi du, denbora kontra badute ere. Dena dela, egitasmoa aurrera ateratzeko gai izango direla esan du, eta arrakastaz gainera: “Donostia 2016 kultur ospakizun garrantzitsu bat izango da, eta herritar guztiek izango dute bertan parte hartzeko aukera”. Horretarako formula ezberdinak bideratuko omen dituzte, kultur eredu berri bat sortzea baitute helburu: kultur eredu parte hartzaile bat.
Horretarako lan asko egin beharko dutela onartu du zuzendari berriak, baina lankideengan konfiantza osoa erakutsi du: “oso profesional onak ari dira kultur hiriburutzaren alde lanean, eta ni talde horretako beste kide bat izango naiz hemendik aurrera. Donostia 2016 ez da nire proiektua izango, ez dira nire ideiak garatuko. Proiektu bat badago jada, eta hori aurrera ateratzen laguntzea izango da nire lana”, esan du Berastegik.
Orain arteko etenaldi eta aldaketek ez diotela egitasmoari onik egin aitortu du, eta egitasmoaren zuzendaritzari hainbestetan leporatu izan zaion gardentasun falta ekiditeko prest agertu da zuzendari berria, bere ustez, “proiektu ireki, parte hartzaile eta aberatsa” izan behar duelako.
Euskara ezagutza hizpide
Iruñean jaioa da Pablo Berastegi, eta guraso euskaldunak izan arren, oraindik ez duela euskara ikasi onartu du aurkezpenean. Kultur Hiriburutzako zuzendari orokorrak euskaraz ez jakiteak hainbat erreakzio sortu ditu. Hasier Arraiz, Sortuko ordezkariren arabera, esaterako, ez da izendapenik egokiena izan. Berastegik iritzi hori aldatzeko gogotik lan egingo duela adierazi du.
Zentzu horretan, Juan Karlos Izagirre alkatea zuzendari berriaren alde mintzatu da. Bruselatik zehaztutako irizpideetan zuzendari orokorrak ingelera menperatzea besterik ez dutela zehazten esan du, eta bertako bi hizkuntzak menperatzea aintzat hartuko dela, noski.
Hortaz, Pablo Berastegiren hautagaitza “egokiena” izan dela adierazi du Izagirrek, eta iritziak iritzi, denborak hala erakutsiko duela nabarmendu du. Hala ere, Donostia 2016 egitasmoaren ildo nagusietako bat hizkuntza gutxituak balioestea dela gogoratu du Izagirrek, eta euskarak “kultur hiriburutzaren bizkarrezurra” izaten jarraituko duela azpimarratu du.



