Azken hiru urteetako itsasgorarik altuena
Goizean itsasbehera oso baxua izan da, Santa Klara uhartera oinez joan zitekeen.
Eguraldi ona lagun, jende andana elkartu da hiriko hondartzetan. Hala ere, gaurko egun eguzkitsua berezia izan da. Goizean hondartzan izan diren herritarrak itsasbehera oso baxua ikusi ahal izan dute, eta askok Santa Klarara oinez joateko aukera ez dute galdu. Arratsaldean, berriz, kontrakoa gertatu da, eta azken hiru urteetako itsasgorarik altuena izan da.
Itsasaldi biziak dira fenomeno hauek eragiten dituztenak. Izan ere, eguzkia, Lurra eta ilargia lerrokatuta daudenean, mareak biziagoak izaten dira, eta oraingoan, gainera, ilargia Lurretik distantzia txikienera dagoenez eragina handiagoa da itsasaldia bizia izateko.
Arratsaldeko itsasgoran, adibidez, Kontxa hondartza desagertzekotan egon da. Urumea ibaia igarotzen den zubietan ere itsasoaren eragina ikus zitekeen. Egoera berezi honen aurrean, herritar ugari hurbildu dira paisaia ikusteko eta argazkiak ateratzeko.