Euskara erabiltzeko proposamenak landu dituzte
Bigarren saioa ostiralean egingo dute, San Telmo Musoean.
EMUN kooperatiba ‘MOTI+BATU, Nagiak astinduz, mingaina askatuz’ topaketan murgilduta dago. Izan ere, gaur goizean lehenengo saioa egin dute, eta ostiralean, irailak 12, bigarren jardunaldia egingo dute, San Telmo Museoan. Euskararen normalizazioan, garapenean eta irakaskuntzan diharduten ehun pertsona inguru elkartu dira, eta gai zehatzak taldeka landuta, arrakastarako gakoak eta lanerako bide berriak identifikatzen aritu dira.
‘Nagiak astinduz’ izenburupean, gaurkoan euskararekiko jarrera ona izan arren, euskaraz egiteko ohiturarik ez dutenengan nola iritsi aztertu dute. Lehenengo, Sinnergiak-Social Innovationeko Egoitz Pomaresek berrikuntza soziala eta euskararen inguruko hitzaldia eskaini du; eta, jarraian, Euskal Herriko Unibertsitateko irakaslea den Pello Jauregik hartu du hitza, jokabide urratzaile, egokitzaile eta eragozleen inguruan hitz egiteko.
Esatetik egitera dagoen tartea
Behin hitzaldiak amaituta, taldeka jarri eta talde bakoitzak gai bati buruz hausnartu eta eztabaidatu du. Lehenengo taldeak inguru hurbilean eragiteko bideak aztertzen ibili da: euskaraz hitz egiteko ohiturarik ez dutenei pausoa ematen laguntzeko, euren inguru hurbileko pertsonen portaeraren garrantziaz, hain zuzen ere. Partaideak lau talde txikiagotan banatu dituzte, eta bakoitzak gai baten egoera desberdin bat aztertu du: lagunartea, eskola, familia eta lana. Estrategiak eta emozioak landu dituzte, eta konpromiso hitza maiz azaldu da euren hausnarketetan.
Bigarren taldeak disonantzia egoerak izan ditu hizpide, hau da, esatetik egitera dagoen tartea. Esperientziak eta arrakastarako gakoak denon artean eztabaidatuko dituzte. Adibidez, norbaitek euskara maite duen arren, eta bihartik aurrera euskaraz egingo duela esaten duen arren, eguna iritsi eta ez du egiten. Gauza bera korrika egitearekin gertatzen dela ikusi du bertaratu den gizon batek: “Korrika egiten hasi nahi baduzu, gakoa korrika egitea da”.
Motibazioan eragitearen garrantzia
Zuzeneko ekintzei buruz hitz egin du hirugarren taldeak. Portaera aldatzeko asmoz, pentsamenduan eta motibazioan eragin behar dela, alegia. Horien arrakastarako gakoak identifikatu dituzte eta zeharkako motibazio kanpaina orokorrekin (lehiaketak, kartelak…) osagarri izan daitezken edo ez aztertu dute.
Laugarren taldeak sozializatzeko trebeziak hizpide izanik, talde txikiagotan ere, zenbait galderei erantzun diete. Nola ikasi euskaraz sozializatzen? Eta nola irakatsi trebezia horiek?
Atsedena egin eta gero, partaideek aurreko lau gaietako beste bat aukeratu eta taldekako bigarren txanda egin dute, eta taldeetako ondorioak ere azaldu dituzte.
Ostiralean, berriz, euskara ikasleei euskara erabili dezaten nola lagundu landuko dute eta talde dinamika bera erabiliko dute, hau da, taldeetan jarrita bakoitzak gai baten inguruan ideia berriak edota lanerako bide berriak jarriko dituzte mahai gainean.