Salgai dagoen etxebizitza bat. (Argazkia: PSE-EE)
Babesturiko etxebizitzen eskaera oso altua bada ere, udal gobernuaren erantzuna ez dela maila berekoa diote sozialistek. Enrique Ramos zinegotziaren arabera, Bilduren legealdia hirigintza proiektuen garapenari dagokionez inoizko txarrena izaten ari da.
Ramosen arabera, Ricardo Burutaran Hirigintza zinegotziak zailtasun ekonomikoak jartzen ditu beti aitzakia gisa, eta Ramosek onartzen du aurreko egitasmo asko ezin direla gaur egun egin, baina bai beharretara egokitu. Dena dela, Bilduren kudeaketa “hutsaren hurrena” izan dela salatu du. Urtez urte eskaintza jaisten joan dela erakusteko hainbat datu eman ditu Ramosek.
Babes ofizialeko etxebizitzei dagokionez, 2011n 241 etxebizitza eman zituzten, gobernu sozialistak kudeatutakoak. 2012an, 24 etxebizitza, eta iaz, bat ere ez.
Alokairurako babesturiko etxebizitzei dagokionez ere “erritmo bera” daramatela salatu du Ramosek; “Udal gobernuak Txomin Eneako hirigintza proiektuaren aldeko apustu sendoa nabarmentzen du, eta oso proiektu garrantzitsua da, baina ez da nahikoa”.
Txomin Eneakoa babesturiko etxebizitzena eskaintzaren %9,27a bakarrik dela adierazi du Ramosek, eta gainerako guztiak kezkatzen ditu sozialistak. Horregatik, hurrengo udalbatzarrera eramango dute gaia, eta hirigintza asmoen inguruan galdetuko dute.