Olatu talkaren baitan egin zuten Ziklobia. (Argazkia: Lide Ferreira)
Gaur egungo mugikortasun ereduaren inguruan hausnarketa sustatzea izango du helburu aurtengo Mugikortasun Jasangarriaren Asteak, bereziki ibilgailuek hirian duten eraginaren inguruan.
Europa mailako aldarrikapen jarduera bat da, eta aurten 14. edizioa prestatu dute hiriko hainbat eragilek: Donostiako Udaleko Mugikortasun saila, Cristina Enea Fundazioa, Bizikletaren Behatokia, Kalapie elkartea eta Donostia Roller.
Jon Albizu, Mugikortasun zinegotziak aurkeztu du egitaraua, eta “beste mugikortasun eredu bat posible ez ezik, beharrezkoa” dela adierazi du. Mugikortasunak bizi kalitatean eragin handia duela nabarmendu du Albizuk, eta horregatik “eredu jasangarriago baten bidez herritarrentzako espazioak berreskuratu eta hiri atseginago eta alaiago bat” sortzea izango dute helburu. Ideia horrekin aukeratu dute aurtengo leloa ere:
Hiria, nire autorik gabe! Gure kaleak hobetzea: horra gure aukera.
Bizikleta azoka
Mugikortasun Jasangarriaren Asterako egitarau zabala prestatu dute. Lehen aldiz egingo duten
bizikleta azoka, esaterako. Irailak 19an arratsaldez, eta irailaren 20an egun osoan egingo dute azoka, Donostia 2016 Gunean, Easo kalean. Hiriko 11 bizikleta dendak hartuko dute parte azokan, eta osagarriak, arropa bereziak, bizikletak eta beste hainbat berrikuntza erakutsiko dituzte. Albizuren arabera, bizikleten merkatua gero eta zabalagoa da, eta azoka honen bidez erabiltzaile eta saltzaileen arteko bidea erraztuko da.
Irailaren 17, 19, 21, eta 22an
irteera edo martxak egingo dituzte hirian zehar. Kutsakorrak ez diren ibilgailuen erabilera sustatzeko, kirola egiteko eta hiriko ibilbideak eta guneak beste ikuspegi batetik ezagutzeko. Irteera hauek irekiak eta doan izango dira. Azken irteera, hilaren 22koa, bereziki institutuetako gazteentzako izango da. Hainbat ikaslek bizikletaren aldeko pelotoia osatuko dute hirian zehar, 11:00etan Alderdi Ederretik abiatuta.
Mugikortasunaren inguruko
hitzaldiak ere egingo dituzte.
-Irailaren 16 (Donostia 2016 Gunea): Mikel Bringas Senegal-Ganbia ndanka-ndankatik egindako bidaiaz mintzatuko da.
-Irailaren 17 (Koldo Mitxelena Kulturunea):
20 años despues de la peatonal hiriak espazio publikoa berreskuratzeko egindako lehen neurrietatik izan duen bilakaeraren inguruko solasaldia izango da.
-Irailaren 18 (Donostia 2016 Gunea): Nordic Walking elkarteak bere jarduera aurkeztuko du.
Mugikortasun Jasangarriaren Asteko egitaraua