Jose Luis Arrue: "Ahaztutako auzoa da Morlans"
Argiztatze txarra, kable elektrikoak agerian, espaloi estuak, zuloak errepidean…PPren arabera, asko dira Morlans auzoaren gunerik zaharrenean dauden gabeziak. Jose Luis Arrue zinegotziak adierazi duenez, urteak daramatzate auzo honen egoera salatuz eta irtenbideak eskatuz, eta Bilduk ere Morlansko beharrak onartu arren, oraindik ez dutela neurririk hartu salatu du PPk. Horren zergatia jakin nahi dute, eta Gune Publikoetako batzordera eramango dute gaia.
“Ahaztutako auzoa da Morlans”, adierazi du Arruek, eta aurrez aipatutako gabezia guztiez gain, aparkalekuen arazoa nabarmendu du. Antza Morlans zaharreko eremu batzuetan ez dago oso argi zein gune diren jabego pribatukoak eta zein publikoak. Baina hala ere, egoiliarren aparkalekuak zehaztu gabe daudela salatu du Arruek, eta horrek hainbat gaizki ulertu sortzen omen ditu. Dena den, ongi zehaztu gabe egonik ere isunak jartzea da larriena Arrueren ustez.
Auzoaren banaketa konplexua dela eta, Morlans guztiz egokitzeko berriro urbanizatu beharko litzateke, eta une honetan hori ezinezkoa dela onartzen du Arruek, baina auzotarren bizi kalitatea hobetzeko “konponketa txiki asko” egin daitezkeela uste du zinegotziak.