Opera txinatar bat hartuko du lehen aldiz Viktoria Eugenia Antzokiak
donostiakultura.com/sarrerak webgunean.
Tianjingo Peking Opera Troupe konpainia gazteak ‘Tao Sanchun-en hiru borrokak’ obra taularatuko du.
Donostia Kulturak udazkeneko arte eszenikoen programa aurkeztu du; guztira 63 ikuskizun izango dira urria eta abendua bitartean.
Beste opera mota bat ezagutzeko aukera izango dute opera zaleek udazken honetan. Txinatik Donostiara etorriko da Tianjingo Peking Opera Troupe konpainia gaztea, azaroaren 27an. Viktoria Eugenia Antzokiak opera txinatar bat hartuko du lehen aldiz: ‘Tao Sanchun-en hiru borrokak’. Akrobazia, musika, arte ederrak, musika eta kantua nahastuko dituen ikuskizuna izango da. Donostia Kulturak udazkenerako prestatu duen programako emanaldi berezienetako bat izango da.
Urria eta abendua bitartean 63 ikuskizun programatuko dituzte Donostia Kulturaren aretoetan: 38 kontzertu, 7 dantza ikuskizun, 17 antzezlan eta opera bat. Nerea Txapartegi Udal Gobernuko Euskara eta Kultura arduradunak udazkeneko eskaintzaren argazkia egin du gaur eman duen prentsaurrekoan. Formatu handiko eta txikiko ikuskizunak, sortzaile berrien emanaldiak, nazioarteko zein bertako egileen obrak eta estilo desberdinak erakutsiko dituen programa izango dela adierazi du.
Imanol musikaria izango dute gogoan haren heriotzaren 10. urtemugan. Donostiarrarekin batera ibilitako hainbat idazle, kantari eta musikarik bere obra ekarriko dute gogora Viktoria Eugenia Antzokian abenduaren 7an. Jabier Muguruza, Mixel Ducau, Amaia Zubiria, Erramun Martikorena, Pier Paul Berzaitz eta Joxan Goikoetxeak, besteak beste, interpretatuko dituzte Imanolen melodia eta letrak. Lugaritz kultur etxean, kantariaren izena daraman aretoan beste kontzertu bat antolatu dute azaroaren 8an. Niko Etxart, Ainara Ortega, Andoni Egaña, Euskitze eta Karlos Gimenezek parte hartuko dute, besteak beste. Itsaso Gutierrez musikari donostiarrak Eten egitasmoa aurkeztuko du Intxaurrondo kultur etxean. Tratu txarren aurkako proiektua da, eta hainbat sortzaileren laguntza izan du. Donostian ere hainbat artista elkartuko dira ahots batez tratu txarrak eteteko eskatzeko. Paco Ibañez, Najwa, Rosana, The Cubical, Belako, Gontzal Mendibil, Miguel Poveda… Musika eskaintza oparoa ekarriko du udazkenak.
Azken Donostia Antzerkia Saria eskuratu duen antzerki konpainiak, Tartean Teatroak, antzezlan berria aurkeztuko du Antzoki Zaharrean: Pankreas. Lingua nabajorum obrarekin eskuratu zuen saria. Hirian saritua izan den beste konpainia batek, Dejabu Panpin Laborategiak Arrastoak obra estreinatuko du Gazteszenan. Lorcaren La Casa de Bernarda Alba obraren bertsio bat ikusteko aukera ere izango dute antzerki zaleek. El Espantapajaros de Tabutopia taldeak taularatuko du. Aktoreen artean Noelia Julian donostiarra egongo da. Umorea Potologuak ikuskizunarekin iritsiko da. Mikel Pagadi, Egoitz Lasa eta Nagore Aranburu Potologuak botatzeko asmoz elkartu dira berriz. Hainbat antzokitan ibili dira obra berriarekin eta orain Donostian aurkeztuko dute lehen aldiz.
Thierry Malandainen dantza konpainiak Soiree obra estreinatuko du Viktoria Eugenia Antzokian. Eta dantza gehiago ekarriko dute Uruguaiko Balletak eta Julio Boccak, El Mesias ikuskizunarekin.
Bertso zirkuituan erreferente bihurtu den saioak ere ez du hutsik egingo aurten. Donostia Bertsotan saioa azaroaren 21an iritsiko da Lugaritz kultur etxera. Andoni Egaña, Beñat Gaztelumendi, Amets Arzallus eta Uxue Alberdi ariko dira bertsotan. Gai jartzaile lanetan, berriz, Josu Goikoetxea ariko da. Amets Arzallus bertsolaria beste emanaldi batean ikusteko aukera izango dute ikusleek. Izan ere, Joxan Goikoetxearekin batera Ihes ikuskizuna ondu du. Antzoki Zaharrean aurkeztuko dute musika, testu idatziak eta bertso jarriak nahastuko dituen emanaldia.
Sarrerak jada salgai jarri dituzte Viktoria Eugenia, Antzoki Zaharra, Gazteszena, Imanol Larzabal eta Intxaurrondo Kultur Etxeko leihatiletan (11:30-13:30 / 17:00-20:00) eta