Izagirre: "Autobus geltoki berriko lanak ondo doaz, eta 2016rako prest egongo da"
Ingurua hesitu eta segurtasun neurri guztiak hartu ondoren, abuztuan hasi ziren autobus geltoki berriko hondeaketa lanak egiten, eta azaroan amaitzea espero dute. Dagoeneko lehen solairuraino zulatu dute, hau da, autobusak egongo diren lekuraino.
Hala, espazioa erakutsi eta lanak nola doazen azaldu dute gaur. Juan Karlos Izagirre alkatea, Larraitz Ugarte, Gipuzkoako Foru Aldundiko Mugikortasun eta Azpiegitura diputatua eta Alfonso Vazquez, Donostiako Udaleko Obra eta Proiektuetako zuzendaria izan dira bertan.
Lanen erritmoa aurreikusitakoa dela adierazi dute: “Autobus geltokiko lanak ondo doaz, eta 2016rako prest egongo dira”, esan du Izagirrek. Krisi garaian egon arren, lehentasunak zehaztu eta hiriak kalitatezko autobus geltoki bat izan dezan inbertsio garrantzitsua egin dutela gaineratu du alkateak.
Iritzi berekoa da Larraitz Ugarte diputatua ere, eta Atotxako geltoki berria donostiarrentzat ez ezik, “gipuzkoar guztientzako zerbitzua” izango dela adierazi du. “Garraio publikoa sustatzea da Foru Aldundiaren lehentasuna, eta horretarako beharrezkoa da azpiegitura egokiak edukitzea. Herrialde osoan hainbat lan txiki egingo diren arren, Donostiako autobus geltoki berria izango da inbertsio nagusia, eta kalitatezko geltoki txukun eta duin bat egingo dugu guztiontzat”, adierazi du Ugartek.
Donostiako Udalak 8,7 milioi euroko inbertsioa egingo du, eta Foru Aldundiak berriz 6 milioi eurokoa.
Autobus geltoki berria beharretara egokituko ote den galdetuta, Izagirrek gogoratu du, Atotxako geltokia ez dela Bilduk proposatutako proiektua: “Guk beste kokaleku bat eta beste ezaugarri batzuk proposatu genituen, baina zoritxarrez erabaki politiko batengatik ez ziren onartu. Dena dela, Atotxakoa geltoki ona izango da, bertako espazioak eta baliabideak %100ean aprobetxatu baititugu”, adierazi du Izagirrek.
400 aparkaleku
Autobus geltoki berriak 25.000 metro koadro izango ditu. Hiru solairu eta solairuarte bat izango ditu. Lehen solairuan autobusentzako 24 guneko geltokia egingo dute. Solairuartean, berriz, sarbideak, bulegoak, bizikletak uzteko lekua eta turismo bulego bat egingo dituzte. Behealdeko bi solairuetan 400 lekuko aparkaleku bat egingo dute autoentzako; horietatik 13, mugikortasun mugatua dutenentzako egokituak.
Gaur egun abuztuan hasitako hondeaketa lanekin jarraitzen dute. Hondeaketa lanak eta hormen finkatze lanak batera egiten dituzte, pixkanaka-pixkanaka zorua zulatzen jarraitzeko. Guztira 13 bat metroko sakonera lortuko dute, eta azaroan hustuko dute zulo guztia.
Orduan egingo dute behin betikoa izango den arranpa, eta ondoren egituraren lanekin hasiko dira. Egitura lanak 2015eko uztailean amaitzea espero dute. Ordutik aurrera, eraikinaren arkitektura bera eta kanpoaldeko urbanizazio lanak egiten hasiko dira. Beraz, Alfonso Vazquez teknikariak azaldu duenez, 2015eko azaro amaieran lanak amaituta egotea espero dute.



