Oleg Sentsov epaimahai ofizialeko ohorezko kide izendatzea erabaki du Zinemaldiak
Jaialdiak bere webgunean argitaratu duenaren arabera, joan den maiatzaren 10ean, Errusiako Federazioko Segurtasun Zerbitzu Federalak (FSB) atxilotu egin zuen Oleg Sentsov ukrainarra, eta oraindik preso dago, Moskun. Euromaidan taldeak Kieven egindako protestak babesteagatik eta Errusiak Krimea anexionatzearen kontra agertzeagatik hartu zuten preso. “Adierazpen askatasunaren alde eginez, eta Europako Zinema Akademiak eskatuta, Donostia Zinemaldiak, aurten, Oleg Sentsov epaimahai ofizialeko ohorezko kide izendatzea erabaki du, beste zinema-jaialdi batzuek (Motovun eta Veneziakoak, besteak beste) egin duten bezala”, adierazi du jaialdiak.
Guztira zortzi epaimahaikide izango dira 62. Zinemaldiaren Epaimahai Ofizialean: Fernando Bovaira (presidentea), Eric Khoo, Mariana Rondon, Marjane Satrapi, Nastassja Kinski, Oleg Sentsov (Ohorezko epaimahaikidea), Reinhold Vorschneider eta Vlad Ivanov.


