Zinemaldirako 1.000 sarrera banatuko ditu udalak langabe donostiarren artean
Izena emateko epea bihar, larunbata, zabalduko dute, eta internet bidez egin beharko da, www.donostia.eus atarian.
Donostiako Udalak Sail Ofizialeko 1.000 sarrera banatuko ditu langabe donostiarren artean. Aurten sarrerak banatzeko modua desberdina izango da. Izan ere, langabeek lehenengo internet bidez egin beharko dute izen ematea; eta ondoren, inprimakiarekin, eta langabe txartela erakutsiz, udaletxeko bulegoetan jaso ahal izango dituzte sarrerak. Internet bitartez izena emateko epea bihar zabalduko dute, 9:00etan, www.donostia.eus webgunean.
Donostiako Udaleko atarian, Zinemaldiari erreferentzia egiten dion irudi bat egongo da. Irudi horretan sakatuz gero, aukeran dauden zortzi filmak ikusi ahal izango dira. Langabe bakoitzak pelikula bakar baterako bina sarrera jasoko ditu, beste pertsona batekin joateko aukera izango duelarik. Eskaintza sarrerak agortu arte egongo da zabalik.
Behin interneteko eskaera eginda, sarrerak udaletxeko Udal Infoko bulegoetan jaso ahal izango dituzte langabeek, irailaren 16tik 19ra bitarte, 9:00etatik 14:00etara, eta 16:00etatik 18:00etara.
Donostiako Udalak duela hiru urte ekin zion sarrerak banatzeari, eta urtez urte ekimenak oso harrera ona izan du. Aurreko urteetan bezala, sarrerak eskuratu ahal izateko honako baldintzak bete behar dira: 18 urtetik aurrerakoa izatea, hirian erroldatuta egotea, eta langabezi txartela aurkeztea.
[box]
FILMEN ZERRENDA
- Irailak 20, larunbata, 17:00. STILLE HJERTE / SILENT HEART. Kursaal 1.
- Irailak 21, igandea, 16:00. EN CHANCE TIL. Kursaal 1.
- Irailak 22, astelehena, 15:45. HAEMU / HAEMOO. Kursaal 1.
- Irailak 22, astelehena, 19:00. PHOENIX. Kursaal 1.
- Irailak 24, asteazkena, 15:30. EDEN. Kursaal 1.
- Irailak 24, asteazkena, 19:00 FELIX ET MEIRA / FELIX AND MEIRA. Kursaal 1.
- Irailak 25, osteguna, 16:00. TIGERS. Kursaal 1.
- Irailak 26, ostirala, 19:00. VIE SAUVAGE / WILD LIFE. Kursaal 1.