Txirotasunaren inguruko uste okerrak agerian utziko dituzte ostegunean, Katalunia plazan
Maialen Lujanbio eta Unai Agirreren bertso saio bat izango da eguneko jarduera nagusia; Katalunia plazan izango da saioa, 18:30ean.
Bankariak, militarrak, burges aberatsak eta beste hainbat eragile elkartu dira gaur Bulebarreko kioskoan, Euskadiko Garapenerako GKEen Koordinakundeak antolatutako parodian. Hala, Mundu zabala, errealitate anitz izeneko sentsibilizazio jardunaldiaren hamabigarren edizioa aurkeztu dute, modu deigarri betean.
Izan ere, herritarrei herrialde txiroen errealitatea ikusaraztea eta egoera horien aurrean sortzen diren hainbat aurreiritziren inguruan hausnarketa sorraraztea dute helburu. Horretan dihardute gobernuz kanpoko hainbat erakundek, eta euren lana ezagutarazi nahi dute. Urtero, elkartzen dira Bulebarrean, informazioz beteriko hainbat postu jarriz, baina aurten jarduera berezi bat antolatu dute.
Ostegunean, irailak 18, egingo dute sentsibilizazio jardunaldia. Ekitaldi nagusia Maialen Lujanbio eta Unai Agirreren bertso saioa izango da, Katalunia plazan, 18:30ean. Bertsolariak txirotasunaren eta gizarte desberdintasunaren inguruko gezurrak eta uste okerrak zalantzan jartzen saiatuko dira.
Udal gobernuak ere babesa eskaini dio gobernuz kanpoko erakundeen jarduerari. Jon Albizu, Ongizate zinegotziaren arabera, gobernuz kanpoko erakundeen lana ezinbestekoa da, eta egun bakarrean azaleratzen saiatuko badira ere, urte guztiko lana eskertu behar zaie.


