Ibilgailu elektrikoen aldeko apustua berretsi dute Alderdi Ederren
Mugikortasun Jasangarriaren Astea dela eta, SmartCEM proiektu europarrean parte hartzen duten kideek euren ibilgailu elektriko eta hibridoak erakutsi dituzte Alderdi Ederren.
SmartCEM proiektuak mugikortasun iraunkorra sustatzea du helburu. Europako hainbat herrialdek parte hartzen dute proiektuan. Tartean dira Gipuzkoako Foru Aldundia, Donostiako Udala, eta Donostia Unibertsitate Ospitalea ere. Gaur, euren ibilgailuak erakutsi nahi izan dituzte, eta era berean, ibilgailu elektrikoaren aldeko apustua berretsi dute.
Jon Albizu, Mugikortasun zinegotzia, Unai Erroitzenea Foru Aldundiko Mugikortasun zuzendaria, Oswaldo Gorosabel, Donostia Unibertsitate Ospitaleko zuzendariordea eta Jaione Gastañares, Dbus-eko kudeatzailea izan dira bertan.
Albizuren arabera, administrazio publikoa ere mugikortasun iraunkorraren aldeko pausoak ematen ari da, “bere konpromisoa erakutsiz”. Hala, udalak erosi dituen autobus hibridoak eta autobus elektrikoa, Foru Aldundiak Lurraldebuserako erositako autobus hibridoak, Dbus-eko bizikleta elektrikoak, eta Donostia Ospitalean etxez-etxeko zerbitzua eskaintzeko erabiltzen dituzten auto elektrikoak nabarmendu dituzte.
Etorkizunean ibilgailu elektrikoak nagusituko direla adierazi du Albizuk. Hala, hirietako kutsadura nabarmen gutxituko dela azpimarratu du mugikortasun zinegotziak, baita soinu kutsadura ere.


