Jaka: "Barrutien proposamenak interes politikoei erantzuten die, eta ez auzoen beharrei"
Oposizioaren asmoaren aurrean, hau da, hiria lau barrutitan banatzearen proposamenaren aurrean, Bilduk auzo eta herrien eredua defendatu du. Axier Jaka partaidetza zinegotziak azaldu duenez, “auzoak eta herriak dira Donostiaren bizigune naturalak. Barrutien proposamenak bizigune horiek apurtzen ditu eta ez ditu kontuan hartzen auzoetan benetan dauden beharrak. Donostiak 20 auzo ditu, eta ez du zentzurik hori hausteak naturalak ez diren banaketa administratiboekin. Deszentralizazio prozesua abian da, 20 auzo eta herrietan oinarritua, eta ez lau barrutitan”.
Hortaz, Bilduk goitik beherako eredu baten aurrean, “behetik gorako eredua” proposatzen du. “Barrutien proposamenak interes politikoei erantzuten die, eta ez auzoen beharrei. Goitik behera egin nahi dute, auzoak kontuan hartu gabe. Ez dute inongo momentuan auzotarren iritzirik jaso”, adierazi du Jakak.
Bestalde, Donostian jada partaidetza eredu bat abian dela gogorarazi du udal gobernuak: “Denen artean eraikitzen ari garen eredua, auzo eta herrien etengabeko partaidetzan oinarritzen dena. Bide horretan sakondu eta aurrera egitea proposatzen dugu, aurrekontu partehartzaileak eginez esaterako; 2015erako aurrekontu proiektuan egiten ari garen moduan”, esan du Jakak.