Kursaal, Maria Kristina eta Mundaiz zubien egiturak konpontzeko proiektuak onartu dituzte
Denboraleak eragindako kalte guztiak konpontzeko 2,8 milioi euroko inbertsioa egin du Donostiako Udalak.
Maiatzean konpondu zituzten denboraleak eragindako kalte gehienak, eta udal gobernuak aurreikusi zuen moduan, azkenerako utzi dituzte zubien egiturak eta ibai hormak konpontzeko lana. Hala, Kursaal, Mundaiz eta Maria Kristina zubiak konpontzeko proiektuak onartu dituzte, eta laster egingo dute lanen esleipena.
Kursaal zubiko proiektua joan den ostiralean onartu zuten, Tokiko Gobernu batzordean. 533.323 euroko aurrekontua onartu zuten BEZa barne, eta lanak bere gain hartzen dituen enpresak hiru hilabeteko epea izango du lanak amaitzeko.
Mundaiz zubiko lanek, berriz, 113.111 euroko aurrekontua izango dute, eta enpresak hilabeteko epea izango du amaitzeko.
Maria Kristina zubia bi hilabetetan konpondu beharko dute, eta 130.244 euroko aurrekontua izango du, BEZa barne.
Kosta departamentuko diru laguntzen zain
Denboraleak eragindako kalteak konpontzeko, orotara 2,8 milioi euro gastatu ditu Donostiako Udalak. Nora Galparsoro, Azpiegitura eta Hiri Zerbitzuetako zinegotziak argitu duenez, premiazko hainbat lan egiteko 700.000 euro aurreratu zituen udalak. Galparsororen arabera, lan horietako asko Kosta Departamentuari zegozkion, baina 240.000 euro jaso zituzten soilik, gainerako lanak ez baitzituzten premiazkotzak jo.
Gainera, zinegotziaren arabera, Madrilgo Gobernuak oraindik ez ditu itsasertzean izandako kalteen %50erainoko diru laguntzak emateko dekretuaren oinarriak onartu. Deialdi horretarako Donostiako Udalak beste 700.000 euroko diru laguntza eskatuko du, lehen premiazkotzat jo ez zituzten hainbat lanen ardura gehituz oraingoan ere.


