Musika, moda eta zinema izar handiak, areto bakar batean
Terry O’Neill argazkilari ingelesaren 56 maisulan bildu dituzte Kutxa Boulevardeko ‘Kondairen aurpegia’ erakusketan.
Mick Jagger, Frank Sinatra, Bianca Jagger, David Bowie… artista horiek eta gehiago bildu dituzte Kutxa Boulevardeko Kondairen aurpegia erakusketan. Musika, moda zein zinemako izarrei Terry O’Neillek (Londres, 1938) egindako argazkiak dira guztiak, 56 guztira; gehienak zuri-beltzean, baina koloretakoak ere badira tartean. Erakusketa Telefonica fundazioak ekoitzi du, eta Madrilen arrakasta izan ostean ekarri dute Donostiara, gaurko aurkezpenean azaldu dutenez. Madrileko erakusketan, ordea, argazki gehiago jarri zituztela azaldu dute, politikarienak ere gehitu baitzituzten; hemen, Zinemaldiarekin lotu dutenez, aktoreen argazkiei eman diete garrantzia gehien. Gaurtik urriaren 26ra egongo da erakusketa ikusteko aukera, asteartetik igandera, 17:00etatik 21:00etara; doako sarrerarekin. Ondoren, otsailean, Gironako zinemaren museora eramango dute.
Terry O’Neillek British Airways argazki-sailean hasi zuen bere argazkilari ibilbidea, Heathrow aireportura iristen ziren bidaiariei argazkiak eginez. Ondoren, Daily Sketch egunkarirako lanean hasi zen. Bere gorena, ordea, 1960ko hamarralditik aurrera etorri zen, izan ere, orduan ekin zion pop eta rock musikari gazteei argazkiak egiteari. Tartean, zein baino zein ezagunagoak bihurtu diren The Beatles eta Rolling Stones taldeetako kideak. “Musikari gazteak egunkarietako azaletara eramatea lortu zuen, eta ez zen batere lan erraza izan, oso itxura arraroa baitzuen garai haietarako”, azaldu du erakusketa komisario Cristina Carrillo de Albornozek. Gainera, 26 urte zituenean, Hollywoodera joatea erabaki zuen, izar handiei argazkiak egitera; hala, Clint Eastwood, Paul Newman, Groucho Marx eta Ava Gadner harrapatu zituen bere kamerarekin, besteren artean. Ibilbide oparoa osatu du O’Neillek, eta Time, Stern, Paris Match, The Sunday Times Magazine eta Vatiry Fair moduko aldizkarietan argitaratu izan dituzte bere maisulanak. Horretaz gain, zinemarako posterrak eta albumetako azalak osatu ditu.
Bost multzotan banatu dute Kutxa Boulevardeko erakusketa: 1960ko hamarkada, 1970eko hamarkada, Hollywoodeko mitoak, Modaren mundua eta Pop eta rock izarrak. Hala, erakusketako 56 irudien artean, Beatles edo Rolling Stones-en hastapenetakoez gain, James Bond-en pelikuletako filmaketetakoak eta 30 urtez Frank Sinatrarekin egin zuen seriekoak daude. Koloreetako argazkien artean, berriz, Amy Winehouse abeslariarena topa daiteke.
Ikusezina eta pazientzia handikoa
O’Neillek argazkiak egiteko erabilitako estiloa ezohikoa dela diote adituek: Naturala, zuzena eta informala. 35 mm-ko kamara txikia erabiltzen zuen hasieran, eta hiru arau beharrezkotzat jotzen zituen argazkiak egiteko: ahalik eta ikusezinena izatea, pazientzia handia eta harreman publikoetarako dohain handiekin zuhurtasun handia uztartzen jakitea. “Argazkiak egiten zizkien horiekin konplizitate handia lortzen zuen. Argazki espontaneoak dirudite, baina kalitate artistiko handiko lanak dira”, argitu du komisarioak. “O’Neillek denbora asko ematen zuen argazkiak ateratzen zizkienekin, baina oso diskretua zen eta distantzia mantentzen zuen”, gehitu du komisarioak.


