Oposizioko alderdiek ez dute onartu plaza eta kaleei euskarazko izen ofiziala jartzeko proposamena
Hilabete hasieran udal gobernuak hiriko 295 plaza eta kaleri euskarazko izen ofiziala jartzeko proposamena aurkeztu zuen. Kaleko plaketan izenak euskaraz eta gaztelaniaz agertzen badira ere, hainbat kasutan euskarazko izenak ez daude erregistratuak. Udal gobernuak jakinarazi duenez, 1979. urtetik izendegia eguneratu gabe dago, eta euskararen normalizaziorako bidean, egoera eguneratzea da euren helburua.
Oposizioko hiru alderdiek, ordea, ez dute proposamen babestu, eta udal gobernuarentzat “ulertezina” da erabakia. “Harrigarria eta onartezina da euskararen normalizazioan hain garrantzitsua den pausoari babesik ez ematea, euskal izenak euskaraz ofizial egitea ez babestea”.
Gainera, euskararen normalizazioa unean uneko gorabehera politikoen gainetik egon behar duela uste du udal gobernuak. Hori dela eta, datorren udalbatzarrari begira, euren jarrera aldatu, eta adostasunerako deia egin die oposizioko alderdiei.


