Wiesbadengo lau artisten lanak ekarri dituzte Ekain galeriara
‘Donostia/Wiesbaden Arte Eder Truke’ proiektuari esker, urriaren 11 arte ikusgai egongo den erakusketa osatu dute. Datorren urteko apirilean, euskal artisten sorkuntzak eramango dituzte Alemaniara.
Donostia eta Wiesbaden anaitutako hiriak direla eta, alde bateko zein besteko artistei lagunduko dien proiektu bat osatu dute hainbat kidek. Zehazki, Donostia/Wiesbaden Arte Eder Truke proiektuaren bidez, Wiesbadengo lau artisten lanak ekarri dituzte Donostiara, eta datorren urteko apirilean, berriz, Donostiako lau artisten lanak eramango dituzte Alemaniara. Nicole Fehling, Frank Deubel, Renate Reifert eta Horst Reichard dira proiektuan parte hartu duten Wiesbadengo artistak, eta dagoeneko beraien lanak Parte Zaharreko Ekain Arte Lanak galerian daude. Bihar bertan irekiko dute erakusketa, eta urriaren 11 arte egongo da bisitatzeko aukera. Lau artisten lanak oso desberdinak dira euren artean. Izan ere, instalazioek, argazkiek eta margolanek bat egin dute areto berean. Erakusketako komisario Anja-rekin hitz egin du IRUTXULOKO HITZAk, guztiaren berri izateko.
Wiesbadenen 100 lagun baino gehiagok osatutako artista elkarte bat dute, eta bertan egindako lehiaketa baten bidez aukeratu dituzte proiekturako partaideak. Lau artista horietatik hiruk izan dute Donostiara etortzeko aukera, eta euren denboraren arabera denbora gehiago edo gutxiago egingo dute bertan.
Aretora sartu eta ikus daitezkeen lehen lanak Nicole Fehlingenak dira. Enbalatzearekin lan egiten du Fehlingenek, paketatze eta barruko edukiarekin. “Bere obra aretoa ezagutu gabe egin zuen, instalatzerakoan espazioaren eta bere obraren artean koneksio bat sortu du”, argitu du komisarioak.
Frank Deubel, berriz, argazkilaria da. “Beti obra serieak egiten ditu. Duela gutxi serie bat hasi zuen bere estudioan, jendeari argazkiak azpitik atereaz, kristalezko lur baten bidez. Oraingoan, kontuari itzulia eman dio, eta goitik atera ditu argazkiak”. Hala, zelai artifizial bat jarri du bere estudioan, Wiesbadengo ospetsuak gonbidatu ditu, eta piknik bat egiten ari zirela antzeztuz egin dizkie argazkiak. “Maneren margolan bati omenaldia egin nahi izan dio, Gosaria aire librean izenekoa. Atseden garaia hartu nahi izan du”, argitu du komisarioak.
Akuarelak ekarri ditu Donostiara Renate Reifert artistak, Zerua lurrean izenburupean. “Wiesbadengo zerua margotu du, hainbat egunetan, goizero ordu berean, 7:45ean. Momentu txikiek eman dezaketen poztasuna islatu nahi izan du”.
Horst Reichard izan da hirira etortzerik izan ez duen artista bakarra, beste konpromiso batzuk zituela eta. Instalazio bereziak egin ditu, tresna eta erreminta zaharrekin. “Egurra lantzeko mailua hartu eta hainbat eratara eraldatu du. Bestetik, landareen haziak mikroskopioarekin begiratu eta marraztu egin ditu, makro eta mikro kontzeptuekin jolastuz”.


