Bizikleta gainean ospatu dute Autorik Gabeko Europako eguna
Hamaika institututako 700 bat ikasle elkartu dira Alderdi Ederren, mugikortasun eredu berri bat aldarrikatzeko.
Autorik Gabeko Europako eguna da gaur, eta ehunka ikasle, irakasle eta mugikortasun egentek bizikleta martxa bat egin dute, mugikortasun eredu berri bat aldarrikatzeko. Institutu bakoitzeko ikasleek kolore bat aukeratu dute, eta Alderdi Ederren elkartu dira 11:00etan. Bertatik abiatu dira, eta zortzi kilometroko ibilbidea egin dute bizikleta gainean.
Juan Karlos Izagirre alkateak eta Jon Albizu, Mugikortasun saileko zinegotziak egin die ongi etorria ikasleei. Izagirreren arabera, gaurko irudiak agerian utzi du bizikletaren erabilera gero eta errotuagoa dagoela hirian; “Donostia oso hiri egokia da oinez edo bizikletaz ibiltzeko, beraz, hautu hori eginez, gero eta hiri atseginagoa bihurtuko dugu”.
Egunero ia 17.000 joan etorri egiten direla bizikletaz nabarmendu du alkateak, eta bide horretan jarraitzeko gonbita luzatu du. Horretarako bidegorri sarea ere gero eta egokiagoa dela adierazi du Albizuk.


