Bi igeriketa zeharkaldi egingo dituzte asteburuan
Nik Tri taldeak haurrentzako Busti Lagunekin eta helduentzako Busti Lankideekin probak antolatu ditu, iganderako.
Niktri.com webgunean izen ematea zabalik dago, bost euroren truke, eta probaren egunean bertan ere aukera egongo da, Cervantes plazan, baina garestiagoa izango da, hamar euro.
Busti Lankideekin probari dagokionean, enpresa berean lan egiten duten hiru lagunek osatu beharko dituzte bertan parte hartzeko taldeak. Izen ematea Adegiren webgunean egin behar da, eta taldeko 60 euro ordaindu beharko dira.
Elbarritasunen bat duten pertsona guztientzako egokitutako proba izango da.
Informazio gehiagorako: 943 833 641
Triatloia ezagutu, bizi eta gozatzeko aukera ematen duen taldea da Nik Tri. Hainbat jarduera antolatzen ditu, triatloi udalekuak, irteerak, teknifikazio saioak… eta datorren astebururako bi proba antolatu ditu. Zehazki, bi igeriketa zeharkadi egingo ditu taldeak asteburuan; haurrentzako, Busti Lagunekin, eta helduentzako, Bustik Lankideekin. Bi lehiak igandean jokatuko dituzte, haurrena 11:15ean, eta helduena, 12:30ean. Kontxatik abiatuko dira partaideak. Iaz antolatu zituzten bi zeharkaldiak lehen aldiz, eta arrakasta izan zutela ikusita, bigarren urtez ere egitea erabaki dute. “Uda amaiera lagunartean bainu bat hartzen ospatzeko aitzakia paregabea izango da”, diote antolatzaileek.
Busti Lagunekin, 5 eta 14 urte arteko haurrei zuzendua dago. Kategoria bakoitzaren arabera lasterketa eta igeriketa proben luzera egokituko dute, baina ez dute partaideen denborak hartzeko asmorik, irabazleak denak izan daitezen.