Bretxan egingo dute Parte Zaharreko osasun etxe berria
Lanak 2016rako amaitzea aurreikusi dute.
Hainbat hilabetetako negoziazioen ondoren, Donostiako Udalak eta Osasun Sailak Parte Zaharreko eta Erdialdeko osasun etxe berriaren kokalekua adostu dute: Bretxako Arrandegi eraikinean egingo dute zentro berria, oraingoa baina modernoagoa eta irisgarriagoa. 14.000tik gora herritar hartatuko dituzte bertan.
Osakidetzaren osasun zentro berriak Esterlines kalekoa ordezkatuko du. Egungo egoitzak 925 metro koadroko azalera du, hiru solairutan banatua, eta irisgarritasun gabeziak ditu. Gabezia horiei irtenbidea ematea izango da zentro berriaren xedea. Hala, egoitza berriak 1.600 metro koadro izango ditu, baina bi solairutan banatuta.
Gainera, Lehen Arretako langileak eta Etengabeko Arretako Gunekoak ere eraikin berean kokatuko dituzte.
Udalak eta Osasun Sailak adierazi dutenez, osasun azpiegitura berriaren lanak hilabete gutxi barru hasiko dira. Osakidetzak 2016rako amaituta egotea aurreikusi du. Eusko Jaurlaritzaren Osasun Sailak eta Osakidetzak 3 milioi euroko inbertsioa egingo dute osasun zentro berrian. Donostiako Udalak, berriz, zentroa eraikiko den eraikina lagako du.
Eusko Jaurlaritzaren Osasun sailburu Jon Darponen esanetan, “Osasun Sailarentzat eta Osakidetzarentzat funtsezkoa da osasun azpiegiturak hobetzea, pazienteei egunez egun eskainitako kalitate mailari eusteko. Lehentasunezkoa dugu Donostiako Parte Zaharreko osasun zentroaren baldintzak hobetzea, nagusiki, auzoko zaharren kopurua handia delako. Horrenbestez, oso pozik gaude Donostiako Udalarekin akordioa lortu dugulako”.
Juan Karlos Izagirre alkatearen hitzetan, berriz, “hiriak Parte Zaharreko eta Erdialdeko bizilagunekin zuen aspaldiko zorra kitatu du, osasun etxe hobeago bat eskainita. Osasun Sailarekin lortutako akordioari esker, Donostiak donostiarren egiazko premien araberako azpiegitura publikoa eskuratu eta eskainiko du”.