"Ez dugu iritzi asko irakurri nahi izan, bestela erotu egin zaitezke"
http://youtu.be/0sVD3NjNPEg
Nerea Lizarralde
Jose Mari Goenaga eta Jon Garaño. (Argazkia: Lide Ferreira)
‘Loreak’ filmeko zuzendariekin, Jon Garaño eta Jose Mari Goenagarekin hitz egiteko aukera izan du gaur IRUTXULOKO HITZAk. Filmaren prentsaurrekoaren ondoren egon da bi zinemagile donostiarrekin. Egun handia da Moriartiko sortzaileentzat, eta gaur bizitako sentsazioen inguruan hitz egin dute.
“Oso egun berezia izaten ari da. Goizean goiz hasi gara elkarrizketa batzuekin. Lore denda batean ere elkarrizketatu gaituzte, loreak oparitu dizkigute… Ondoren argazki saioa Kursaalen, prentsaurrekoa ere bai. Eta momentuz espero nuena baino lasaiago nago”, esan du Jose Mari Goenagak.
Prentsaurrekoa gaurko momenturik gogorrena izango zelakoan zeuden biak: “Hori pasa dugu jada, eta pentsatzen det lasaiago joango garela. Pozik gaude egia esan. Ez dugu iritzi asko irakurri nahi izan, bestela erotu egin zaitezke. Eta nahiago izan dugu elkarrizketetan zentratu. Bihar irakurriko ditugu irakurri beharrekoak”, azaldu du Goenagak. Filmaren aurkezpenean bakarrik ez, Zinemaldia hasi zenetik ‘Loreak’ filmak ikusmina piztu duela nabaritu dutela aitortu du Goenagak: “Jendeak filma ikusteko gogoa zuen, zain zegoen. Atzo Antzoki Zaharreko emanaldia bete egin zen, eta gaur Kursaala ere bai. Ea ikusleei espero zutena ematen diegun, hala espero dugu!”.
Garañok goiz goizetik urduri dagoela aitortu du, eta ia ezin izan duela lorik egin. Halere pixka bat lasaitzeko arrazoiak aurkitu ditu: “Pozten nau, eta pixka bat lasaitu nau, ikustea ba badirudiela filma gustatu zaiola jendeari, eta kritikari batzuei ere bai. Horrek asko balio du pixkat lasaitzeko. Halere, ezin dut gainetik kendu egoera arraro hau”.
Zinemaldiko Sail Ofizialean aurkeztu dute gaur ‘Loreak, eta gaurtik aurrera abiada hartzen hasiko da bi zuzendarien lana. Zinemaldian ‘Loreak’ erakusteko aukera izatea “opari bat” bezalakoa izan dela azaldu du: “Askotan erakutsi ditugu gure filmak Zinemaldian, baina beste sail batzuetan. ‘Lucio’, Zabaltegin eta ‘El Metodo Arrieta’ eta ’80 egunean’ Zinemiran. Baina Sail Ofizialean egotea, eta lehiatzea ba beste gauza bat da, orain arte bizi gabekoa: komunikabideen interesa, banatzaileena… Beste liga batean sartzen zara. Oso garrantzitsua da”.
Hasi saioa HITZAkide gisa
Saioa hasten baduzu, HITZAkide izatearen abantailak baliatu ahal izango dituzu.
HITZAkide naiz, baina oraindik ez dut kontua sortu SORTU KONTUA
Zure kontua ongi sortu da.
Hemendik aurrera, zure helbide elektronikoarekin eta pasahitzarekin konektatu ahal zara, HITZAkide izatearen abantaila guztiak baliatzeko.
Ezagutu HITZAkide izatearen abantailak eta aukeratu HITZAkide izateko gustuko modalitatea