‘Loreak’ filmeko aktore eta zuzendariak. Ezkerretik eskuinera: Jon Garaño, Josean Bengoetxea, Nagore Aranburu, Itziar Aizpuru, Itziar Ituño eta Jose Mari Goenaga. (Argazkia: Lide Ferreira)
Jose Mari Goenaga eta Jon Garañok ‘Loreak’ filma aurkeztu dute gaur Sail Ofizialean; urrezko maskorra lortzeko lehian sartu dira donostiarrak.
‘Loreak baino ez dira’. Hori dio ‘Loreak’ filmaren kartelak, baina irudiari ondo erreparatuz gero, bistan da lore sorta batek indar handia duela. Jon Garaño eta Jose Mari Goenaga zuzendari donostiarrek sortutako loreek istorio honetako pertsonaia protagonisten bizimodua aldatuko dute. Gaur aurkeztu dute prentsaren aurrean haien lan berria, eta gaur bertan sartu dira Urrezko Maskorra lortzeko lehian.
Aurreneko aldiz, euskara hutsez filmatutako lan bat da aurten Donostiako Zinemaldiko Sail Ofizialeko lehian. Gaur goizean aurkeztu dute Kursaaleko auditoriumean; txaloka hartu dute ikusleek
Misterioa, zinema beltza, drama, erromantizismoa, ahanztura, memoria, komunikazioa, maitasuna… Askotariko osagaiak ditu Sail Ofizialean aurkeztu duten filmak, eta horiek guztiak lore batzuen bidez josi dituzte. Film hau egiteko ideia bera lore batzuek piztu zuten: “Errepidean lore sorta bat ikusi nuen, eta pentsatu nuen, horrelakoetan berehala pizten dela gure irudimena. Loreak berez ez dira ezer, baina pentsatzen hasten zara… ‘Nork jarriko zituen? Zergatik? Gainera ez duzu inoiz ikusten nork jartzen dituen’. Eta hura izan zen abiapuntua. Loreak berez ez dira ezer, jendeak nahi duen esanahaia hartzen dute, mihise zuri bat bezalakoak dira”.
Istorioaren drama eta gatazka sortzeko aitzakia dira loreak, zuzendarien ustez: “Nagore Aranburu aktorearen pertsonaia, Ane, loreak jasotzen hasten da etxean. Hasieran pentsatzen du senarrak bidaltzen dizkiola, baina ez da bere senarra. Ilusioa pizten diote loreek. Lourdesentzat (Itziar Ituño aktorearen pertsonaiarentzat), ordea, mehatxu bihurtzen dira. Itziar Aizpuru, Itziar Ituño, Itziar Aizpuru eta Josean Bengoetxea aktoreek jokatzen dituzte istorio honetako pertsonaia nagusiak. Horien guztien sentimendu, beldur eta kezkak islatuko dira filmean zehar behin eta berriz agertuko diren loreetan.
Euskaraz zergatik filmatzen duten galdetu diete, pelikula banatzerakoan zailtasun gehiago izango dituztela iradokiz. Goenagak ‘Loreak’ euskaraz sortu zela adierazi dute. Aurreko filma ere, ’80 egunean’, euskaraz egin zutela azaldu du, eta leihatilan “dirutza” bildu ez bazuten ere, “horren gaizki” ez zitzaiela atera, nazioartean ehundik gora jaialditan estreinatu zela. Euskeraz filmatzea batez ere Espainia mailako banaketa oztopatzen duela argitu du, eta ez nazioartekoa. “Garrantzitsua da zinema euskaraz egitea, eta guk ekarpen bat egin badezakegu, ondo dago”, plazaratu du Garañok.
Filmak “euskal izaera” duela nabarmendu dute kazetari askok, eta zuzendariak gustura sentitzen dira etiketa honekin: “Gustatzen zaigu entzutea gure lanetan euskal izaera islatzen dela, ba al da zure inguruan duzuna islatzea baino ezer hoberik? Istorio unibertsalak kontatu nahi ditugu, baina gertu daukagun horretatik abiatuta”.
Orain ‘Loreak’ filma abiada hartzen hasi denean, esku artean dituzten proiektu berriez galdetu diete. Mahai gainean hainbat egitasmo dituztela esan dute, baina “beroen” dagoena Altzoko handiari buruzko istorio dela azaldu dute.