Entrenamendu zehatzak antolatuko dituzte emakumeak running kirol praktikara hurbil daitezen
Donostiako emakumeen kirol praktika nabarmen hazten ari da azken urte hauetan, gizonen artean dagoen kirol praktika mailara gero eta gehiago hurbiltzen. Donostia Kirolak egin dituen azkeneko azterketetan, gizonen eta emakumeen artean kirol praktikan dagoen aldea %10ekoa dela erakusten dute. Hala ere, zenbait kirol modalitatetan edo kirol eremutan, emakumeen partaidetza askoz txikiagoa da, horregatik, Donostia Kirolak ahalegin berezi bat egin nahi du horietan bere plangintza estrategikoan markatuta duen helburu nagusietariko bat lortzeko: Donostiako emakumeen kirol praktika handitzea.
Horietako bat runninga da. Kirol hau praktikatzen duten emakumeen kopurua handitu den arren, Gipuzkoako herri lasterketa nagusietan partaideen %20 bakarrik dira emakumeak. Josu Ruiz Kiroletako zinegotziak aurreratu du emakumeen kirol praktika sustatu asmoz, Donostia Kirolak lankidetza hitzarmena sinatuko duela Abiatu Kirol Elkartearekin. “Emakumeak runningera hurbiltzeko asmoarekin jaio den kirol klub bat da. Eta hori egin nahi dugu berme guztiekin, entrenatzaile adituak eta norberari egokitutako entrenamendu plan zehatz eta osoekin, emakumeak kirol praktikara gehiago hurbiltzeko”.
Hitzarmen honen arabera, running praktikan hasi diren edo hasi nahi duten emakumeentzat entrenamenduak egiteko konpromisoa hartuko du, taldeka eta entrenatzaile profesionalek gidatuta. Ondo pasatu, gorputza zaindu eta “beste Donostia” ezagutzeko aukera paregabea.
Entrenamenduak igande goizetan egingo dira, eta udal kiroldegi ezberdinetan hasi eta bukatu egingo dira. Kiroldegi hauetatik ateratzen dira Donostia Kirolak markatu berri dituen 18 zirkuitu osasungarrien 145 km, eta hauek izango dira entrenamenduetarako erabiliko dituzten ibilbide nagusiak. Partaide guztiek kiroldegietako aldagelak eta dutxak doan erabili ahal izango dituzte. Hiruhilabeteko kuota 60 eurokoa izango da eta KIROL TXARTELAko harpidedunek % 30eko deskontua izango dute izena emateko prezioan; beraz, 40 euro ordainduko dituzte.
Entrenamendu hauei urrian emango zaie hasiera, Paco Yoldi eta Bentaberriko kiroldegietan eta Abiatuk aurreikusten du 2015eko urtarrilean gainontzeko kiroldegietara zabalduko direla. Izenemateak, www.abiatu.org webgunean egin ahal dira.


