Haurren eta gazteen arloko 45 elkarte diruz lagundu ditu udalak
Donostiako Udalak diruz lagundu ditu beste urte batez haurren eta gazteen alorrean lanean ari diren elkarte edota taldeak. Tokiko Gobernu Batzordeak gaur goizean onartu ditu laguntzak. Gazteria Sailak 47.300 euro bideratuko ditu aurten haurren eta gazteen behar ezberdinak asebetetzen duten talde edota elkarteetara. Aurreko urtearekiko 6.000 euro gehiago bideratu ditu. Gazte elkartegintzaren dinamikaren berezitasunak aintzakotzat hartzeko asmoarekin, eta legeak ezartzen dituen baldintzak bete ondoren, gazte jendarte ez antolatuen proiektuei ere diru laguntzak jasotzeko aukera ere ireki zaie.
Naiara Sampedro Gazteria zinegotziak diru laguntza hauen garrantziaz mintzatu da, aurten guztira 45 egitasmo babestu direla zehaztuz. Talde edota elkarte hauek garatzen dituzten proiektuak anitzak izatea azpimarratzekoa dela uste du Sampedrok: “Diruz babestu ditugun egitasmoen artean askotarikoak daude, haur eta gazteen aisialdia eta hezkuntza ez formala sustatzen dutenak, 0 eta 5 urte bitarteko Haurguneak, nerabe eta gazteekin indarkeria sexistari aurre egiteko ekintzak aurrera eramaten dituztenak, gazteekin aniztasun kulturala sustatzen dutenak, haur eta gazteen sormena garatzekoak, droga menpekontasunen prebentziorako proiektuak, etabar. Elkarte edota talde hauen esku hartze eremuak ere oso zabalak dira; hezkuntza ez formala, artea eta kultura, aniztasun kulturala, etabar”.
Bestalde, diru laguntzak jatorri anitzeko elkartetara iritsiko direla nabarmendu du. Modu horretan, hiriko txoko, auzo eta zonalde ia gehienak diruz lagundutako proiekturen bat izango dute.
Proiektuak baloratzeko irizpideen artean aintzat hartu direnak dira proiektu pedagogikoa; jardueraren maiztasuna eta erregulartasuna; udal ekipamendu eta zerbitzu gutxiago dituzten eremuetan garatzea; auzolana eta jarduera koordinatuak izatea; elkarte edota taldearen ibilbidea; emakumeen eta gizonezkoen arteko berdintasuna sustatzen dutenak; eta baita euskararen sustapenerako jarduerak egiten dituztenak.