Merkataritzan eta ostalaritzan euskararen erabilera sustatzeko kanpaina bat jarri dute abian
Euskara agerian
Bezeroei arreta eskaintzen ari diren langileen erdiek edo gehiagok euskaraz ondo hitz egiteko gaitasuna duten establezimenduek parte har dezakete egitasmoan. Baldintza hau bete eta egitasmoan parte hartzeko interesa duten establezimenduek eranskailua jarriko dute, kalera begira, atean edo erakusleihoan, bezeroek hori ikustean bertan euskaraz egin dezaketela jakin dezaten. Era berean, lehen hitza euskaraz egiteko konpromisoa hartuko dute eta euskaraz egin nahi duen bezeroari aukera hori bermatuko diote.
Donostian kontsumitzen duten pertsonen %72a bertakoa edo gipuzkoarra da. Datu horiek kontuan hartuta, Urko Aierbe, Bagera elkarteko kidearen arabera, “merkataritza euskalduntzea estrategikoa da, euskaraz kontsumitu nahi duten herritarrak, bertakoak nahiz kanpokoak erakartzeko”.
Parte Zaharra eta Intxaurrondo
Kanpaina abiarazi dute dagoeneko, eta urtea amaitu aurretik Parte Zaharreko eta Intxaurrondoko establezimendu guztiak bisitatuko dituzte. Horrez gain, Kaixo! egitasmo pilotuan parte hartu zuten bederatzi kale komertzialetako (Secundino Esnaola, Karmengo Andre Maria, Antso Jakituna, Madrid hiribidea, Garibai, Hondarribia, Urbieta, Matia eta Larratxo) establezimenduak ere bisitatuko dituzte, eta baita Bai Euskarari ziurtagiria dutenak ere.
Datorren urtean beste auzo batzuetara zabalduko dute kanpaina. Dena den, baldintzak betetzen dituen edozein establezimenduk parte hartzeko aukera izango du Merkatari.net webgunearen bitartez eskaera eginda.
Parte Zaharrean, Intxaurrondon eta beste hainbat auzotako bederatzi kaletako saltoki, taberna eta jatetxetan jarriko dute abian kanpaina, euskaraz hitz egiteko gonbita luzatzen duten eranskailuak banatuz.
Merkataritza, ostalaritza eta zerbitzuen alorrean euskararen erabilera sustatzeko asmoz, ‘Merkataritzan eta ostalaritzan ere euskaraz’ kanpaina jarri du abian Donostiako Udalak, alor horretako eragileekin eta euskara elkarteekin batera.
Nerea Txapartegi, Euskara eta Kultura arduradunaren arabera, “Donostia Euskararen Hiria da, eta leku guztietan sustatu nahi dugu euskararen erabilera. Administrazioan, baina baita denda, taberna, jatetxe eta gainerakoetan. Bezeroak euskaraz artatuak izango direla bermatu nahi dugu, leku publiko zein pribatuetan”.
Hala, euskaraz artatzeko gai diren saltoki, taberna eta jatetxeetan eranskailuak jarriko dituzte. Honela, “langileak nahiz bezeroak, donostiarrak nahiz kanpokoak, lehen hitza euskaraz egitera animatu nahi ditugu”, esan du Txapartegik.