Herrira-ren aurkako operazioan atxilotuek auzitara eramango dute Espainiako Gobernua
Herrira-ren kontrako operaziotik urtebetera, Espainiako Barne Ministerioa auzitara eramango dute operazio hartan atxilotutako hemezortzi lagunek, Gara egunkariak argitaratu duenez. Kalte moralak egin eta euren ohorea urratu izana egotzi diote gobernuari. Besteak beste, Herrira “ETAren tentakulua” zela esan zuen Jorge Fernandez Diaz Espainiako Barne ministroak. Gogorarazi dute epaituak ez izan arren egin zituela Fernandez Diazek adierazpen horiek eta haien argazkiak eta nortasun agiri zenbakia zabaldu zirela, errugabetasun presuntzioa urratuz. Atxilotu bakoitzarentzat 100.000 euroko kalte ordaina eskatu diote ministerioari.
Jon Enparantza, Aintzane Orkolaga eta Jose Luis Campo donostiarrak atxilotu zituen Guardia Zibilak Herriraren aurkako operazioan.
Gaur da urtebete Espainiako Guardia Zibilak euskal presoen eskubideen aldeko plataforma desegin zuela. Eloy Velasco Espainiako Auzitegi Nazionaleko epaileak Herrira euskal presoen eskubideen aldeko mugimenduaren aurkako polizia operazioa agindu, eta 18 pertsona atxilotu zituen Guardia Zibilak iazko irailaren 30ean. ETAko kide izatea, “terrorismoa goratzea” eta “erakunde armatua finantzatzea” leporatu zien guztiei Espainiako Auzitegi Nazionaleko epaileak.Mugimenduaren jarduna bi urterako eten zuen, gainera, epaileak. Protesta ugari eragin zituen operazio hark, eta ez zen izan Espainiak presoen kontra abiatutako operazio bakarra; hiru hilabetera, urtarrilaren 8an, zortzi abokatu atxilo hartu zituzten.