'Irakurtzea, plazerra eta eskubidea' erakusketa irekiko dute bihar Koldo Mitxelenan
Irakurketa errazaren kontzeptua ardatz hartuta, hamabost eguneko erakusketa prestatu dute Koldo Mitxelenan. Irakurketa errazeko materialak arreta bereziz prestatuak izan dira, edonork irakurri eta ulertu ahal ditzan, nahiz eta irakurtzeko eta ulertzeko zailtasunak izan arrazoi fisiko, psikiko edo sozialengatik. Hain zuzen ere, kolektibo horien premia da informazio erraza eta ulergarria izatea eta irakurketaz gozatzea, eta premia horri erantzuten diote irakurketa errazeko materialek.
Irakurtzea, plazera eta eskubidea erakusketako materialen bidez, irakurketa erraza zer den azaldu nahi da, informazio hori ahalik eta gehienei emateko eta material horren erabiltzaile izan daitekeen jendearengana eta kolektibo horiekin lan egiten dutenengana iristeko.
Irakurketa errazaren egitasmoak irakurketa demokrazia eta irakurketaren bidez gizarteratzea ditu oinarri. Kontzeptu horren helburua da irakurgaiak eskuragai jartzea irakurtzeko eta ulertzeko arazoak dituztenei (biztanleriaren %30). Irakurketa errazak kolektibo horiei aukera ematen die irakurketaz eta kulturaz gozatzeko eta informazioa jasotzeko, edozein herritarrek dituen eskubideak direnez gero. Erakusketan, informazio panelak eta ikus-entzunezko proiekzioak izango ditugu ikusgai, hainbat liburutegitan eta erakunde nahiz elkartetan aurten abian jarri diren irakurketa klubek prestatuak.
Erakusketak bihar, osteguna, irekiko ditu ateak. Ordurako, jendearen esku egongo dira Koldo Mitxelenako liburutegiak erosi dituen irakurketa errazeko materialak.