Kresala zineklubeko emanaldiak Trueban egingo dituzte
Berrogei urtez Kutxaren Arrasate kaleko aretoan elkartu dira zirkuitu komertzialetik at dauden filmak ikusi eta haien inguruan hitz egiteko. Denboraldi berrian, ordea, Trueba zinema aretoa izango da Kresala zineklubeko zinezaleen topagune berria.
Jada aurkeztu dute urriko egitaraua, eta urriaren 6an bilduko dira lehen aldiz Grosen, Saderen zinema aretoan. Antolatzaileek faltan botako dute Arrasate kaleko aretoa, bertan hazi baita Kresala, emanaldiz emanaldi, eta pauso hau ematea gogorra izan bada ere, onerako izango delakoan daude: “Trueban eskaintza zabalagoa proiektatzeko aukera izango dugu, eta bertako aretoen irudi eta soinu kalitateari esker gehiago gozatu ahal izango dugu zineklubeko filmeekin”.
Euskal Herriko zineklubik beteranoenetakoa da Kresala. Berrogei urtez, astero zirkuitu komertzialetik kanpoko filmak eman ditu. Duela bi urte egitasmoa utzi zuten sortzaileek. Horien ordez, klubeko lau kide zaharrek eta hiru kide berrik haien lekua hartu zuten.
[box]
Egitaraua:
Urriaren 6an, astelehena, 19:30: La gran guerra (Mario Monicelli, 1959). Gonbidatua: Iñaki Gonzalez.
Urriaren 13an, astelehena, 19:30: Mercado de futuros (Mercedes Alvarez, 2011). Zuzendaria bertan izango da.
Urriaren 20an, astelehena, 19:30: Metropolis (Fritz Lang, 1927). Doako emanaldia. Metropolis film osoa, zentsuratutako 30 minutuak barne, ikusteko aukera egongo da, Kresala zinekluba, Fantasiazko eta Beldurrezko Zinemaren Astea eta San Telmo Museoaren eskutik.
[/box]

