Surflarien teknika hobetzeko proiektuak irabazi du Surf Boards Innovation Comp lehiaketa
Bigarren saria itsuentzako surf-oholaren prototipoak eskuratu du; eta hirugarrena, giltzak gordetzeko proiektuak.
Unibertsitateko ikasleen ideiak enpresa munduarekin uztartzeko asmoz, Donostiako Udalak, Donostiako Sustapena eta Surf City Donostia klusterraren bidez, surf-oholen berrikuntza lehiaketa bat antolatu du. Lehenengo aldia da Surf Boards Innovation Comp Lehiaketa egiten dutela, eta Mondragon Unibertsitateko, TECNUN eta Euskal Herriko Unibertsitateko 47 ikasleen ideiak aurkeztu dira, surf munduan egon daitezkeen arazoei aurre egiteko. Hamaika prototipo finalisten artean irabazleak zeintzuk izan diren jakinarazi dute gaur goizean, udaletxeko udalbatzarren aretoan.
Surf-oholen ekoizpen prozesua eta erredimendua hobetu nahi izan dituzte, merkaturatu daitezkeen proiektuak sortzearekin batera. Donostiako Sustapenak surfaren aldeko apustua egin du, industriarako eta negozio aukera berritzaileak sortzeko garrantzitsua delako. Lehiaketa apustu horren baitan antolatu dute, eta irabazleen proiektuak hautatzeko orduan honakoak izan dituzte kontuan: berrikuntza, proiektuaren aurkezpena eta irudia, surf-oholak aldatzeko egindako ekarpena, surflariek erosotaun handiagoa izateko ekarpena, praktikotasuna eta bideragarritasuna.
Lehenengo sariaren irabazleak EHU Politeknikoko ikasle Pablo Cuenca eta Ruben Imbers izan dira. MOOR enpresaren laguntzarekin, haririk gabeko sensore inertzialak garatu dituzte, surflarien entrenamendua hobetu ahal izateko. Surflarien gorputzeko zatien eta surf-oholaren mugimendua ezagutzeko, jarrerak zuzendu eta surflarien teknika hobetzeko balio du. Sensoreek datuak jasotzen dituzte eta horiek hiru dimentsiotan ikusi daitezke. 1.500 euroko saria jaso dute eta prototipoa garatzeko beka bat. “Horrelako lehiaketa gehiago egotea gustatuko litzaidake, ikasle bezala motibatzeko”, aitortu du Cuencak.
Bigarren saria Aitor Azpirozek eskuratu du, 1.000 euro eta prototipoa garatzeko beka bat, hain zuzen ere. Ikasle honek itsuak surfean ibiltzeko surf-ohol baten prototipoa egin du. Pukas enpresak lagunduta, surf-oholak iparra non dagoen, olatuen ibilbidea eta horien gertutasuna markatzen ditu, soinu banda baten bidez. Azpirorekin batera, itsua den Aitor igo da saria jasotzera, eta oso pozik agertu da. “Aitorrek egindako lana izugarria da; honelako surf-ohol batek uretan hobeto moldatzen lagunduko dit”.
Ainhoa de las Heras, Jone Ruiz eta Maria Garcia Mondragon Unibertsitateko ikasleek irabazi dute hirugarren saria: 300 euro eta prototipoa garatzeko beka bat. “Uretan gaudenean giltzak gordetzea arazo ohikoena izaten da, eta horri aurre egiteko proposamena giltzak gordetzeko grip bat sortzea izan da”, adierazi dute ikasleek. Proiektua MOOR enpresarekin lankidetzan eraman dute aurrera.